Juan Karlos Korta eta Euxebio Zabala, Munduko Mus Txapelketan
Euxebio Zabala zumarragarrak eta Juan Karlos Korta ezkiotarrak Euskal Kolektibitateen Munduko Mus Txapelketan parte hartuko dute igandetik aurrera. Partidak hilaren 14ra bitartean jokatuko dira Donostian eta Gipuzkoako hainbat herritan. Hamabi
Euxebio Zabala zumarragarrak eta Juan Karlos Korta ezkiotarrak Euskal Kolektibitateen Munduko Mus Txapelketan parte hartuko dute igandetik aurrera. Partidak hilaren 14ra bitartean jokatuko dira Donostian eta Gipuzkoako hainbat herritan. Hamabi herrialdetako lagunek parte hartuko dute.
Lehiaketa hau CTME (Comisión Territorial de Mus de Euskadi) elkarteak antolatzen du eta aurten 39. edizioa du. Aurtengo txapelketaren egoitza Donostiako Silken Amara Plaza hotela da, baina beste toki batzuetan ere jokatuko dituzte partidak: Kursaal kasinoan, Tolosan eta Zarautzen. Txapelketa irabazten duen bikoteak, Las Vegasera bidaia irabaziko du. Datorren urtean han jokatuko da Euskal Kolektibitateen Munduko Mus Txapelketa.
Aurtengo txapelketan hamabi herrialdetako bikoteek parte hartuko dute: Amerikako Estatu Batuak, Argentina, Australia, Espainia, Euskal Herria, Frantzia, Kanada, Kuba, Mexiko, Peru, Uruguai eta Venezuela.
Goierri garaiko bikoteak Bilbao kasinoan jokatu zen kanporaketan lortu zuen Munduko Txapelketa jokatzeko txartela. Bi partida galtzen zituen bikotea kanporatu egiten zuten eta Korta eta Zabala izan ziren partida bakarra galdu zuten bakarrak.
Urte asko elkarrekin
Urte asko daramatzate elkarrekin jokatzen. «Gaztetatik ezagutzen dugu elkar eta txapelketa askotan parte hartu dugu elkarrekin. Ia astebururo txapelketaren batean parte hartzen dugu. Torneo txiki asko irabazi ditugu, baina hau da gure lehen lorpen handia», dio Kortak.
Bilboko kanporaketa irabazi izanari esker, astebete pasatxo emango dute Donostian. Gainera, turismoa egiteko eta jatetxe onetan jateko aukera edukiko dute. Bihar parte hartzaileek Donostia bisitatuko dute, astelehenean Hondarribira eta sagardotegi batera joango dira, asteartean Zarautz eta txakolindegi bat bisitatuko dituzte, asteazkenean Tolosara joango dira eta txuleta jango dute, ostegunetan Bilbora joango dira, ostiralean Donibane Lohitzune eta Miarritze bisitatuko dituzte…
Ez dira batere gaizki egongo, baina nahiago lukete txapelketa atzerrian jokatu balitz. Irabazten badute, datorren urtean Las Vegasera joango dira. «Ilusio handia dugu. Gehienetan Euskal Herriko bikote bat nagusitzen da. Ea zortea dugun…».
Musean zortea ezinbestekoa dela dio. «Bikotea ondo ezagutzea oso garrantzitsua da, baina karta onak heltzen ez badira…».
Korta mus zale amorratua da. «Euxebio eta bioi asko gustatzen zaizkigu karta-joko guztiak, baina batez ere musa. Izan ere, bertako jokoa da eta lagun asko egin ditugu musean jokatzen. Urretxu eta Zumarragan gazte askok jokatzen dute musean, asko neskak dira gainera, eta horrek asko pozten gaitu».