San Martin ospatuko dute zegamarrek gaurtik aurrera
Gaur arratsaldean saroiei buruzko hitzaldia egongo da. Mikel Urdangarinek Anduetzan joko du etzi. Larunbatean San Martin Feria ospatuko dute
Zegamarrek San Martin ospatuko dute gaurtik aurrera. Gaur Luis Mari Zalduak saroiei buruzko hitzaldia emango du, etzi Mikel Urdangarinek kontzertua emango du eta larunbatean feria egingo dute.
Gaurko hitzaldia 19:00etatik 20:15era izango da, Zegamako Anduetza parketxean. Izenburua Saroiak: ondarearen alderdi atzenduak da eta sarrera doan izango da.
Saroiak abeltzaintzarako egokiak izateagatik aukeraturiko guneak dira. Eremu berezi eta berezituak dira, baina ez itxitako esparruak, eta hemengo lurralde-antolamenduaren oinarri izan ziren.
Antzina garrantzitsuak izan arren, «egun gure ondarearen alderdi atzendua dira», dio Zalduak. Garai batean saroi asko zeuden Zegaman (eta Partzuergoan). Gaur egun, ordea, mendi-gailur batera igoz edo airetik ateratako argazkiei erreparatuz gero nekez ikusten da saroirik. Hori dela eta, Zalduaren ustez oso garrantzitsua da saroien azken aztarnak zaintzea eta, ahal izanez gero, berriak aurkitzea.
Hurrengo ekitaldia ostiralean izango da. Mikel Urdangarinek kontzertua egingo du Anduetza parketxean. 19:30ean hasiko da eta sarrerak 8 euro balio du. Egunean bertan erosten dutenek 10 euro ordainduko dute.
Larunbatean feria egongo da. 09:00etatik 12:00etara herriko abereen erakusketa eta lehiaketa egongo da, pilotalekutik Urgainberri auzora bitarteko eremuan. 09:00etatik 14:00etara, berriz, Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta salduko dute pilotalekuan. Artisau produktuak ere salduko dituzte, pilotalekuan bertan eta Aitxuri herri eskolako patioan eta plazan.
Ekitaldiak
Ekitaldiak ere egongo dira. 10:00etan bailarako txistulariek kalejira egingo dute herriko kaleetan, 11:00etatik 13:00etara Aizkorri-Aratz parke naturaleko 18. gazta lehiaketa egingo dute pilotalekuan eta 11.00etatik aurrera Eusko Labeldun Tolosako babarrunaren dastatzea egongo da eskolako patioan.
Sari banaketak 13:00etatik aurera izango dira. 13:00etan abere lehiaketako sariak banatuko dituzte eta 13:30ean gazta lehiaketakoak. Ondoren, lehiaketara aurkeztutako gazten dastatzea egongo da. Tartaloetxe elkar-tean, berriz, txakolin dastaketa egingo dute.
Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketan arabarrak nagusitu dira azken urteetan. Iaz Galarretako Azkarrak irabazi zuen, duela bi urte Ilarduiako La Lezek eta 2013an Munaingo Zabaletak. 2002tik hona Goierriko lau ekoizlek irabazi dute lehiaketa hau: Olaberriko Aizpeak, Idiazabalgo Aranburuk, Legazpiko Arantxa Segurolak eta Segurako Felix Goiburuk.
Arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte: 17:30ean buruhandiak egongo dira plazan eta 18:00etan herritarren arteko eskuz binakako pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte.
Aurtengo San Martin festak igandean bukatuko dira. 17:00etan haurrek Tor magoaren ikuskizunaz gozatuko dute, kiroldegian, eta ondoren txokolate jana egongo da.
Anduetza parketxean, edonor zur eta lur uzteko moduko egitaraua
Mikel Urdangarinek etzi emango duen kontzertua Anduetza parketxean antolatu duten Zur eta lur egitarauko lehena da. Anduetzaren eta udalaren ekimen honen helburua herria ezagutzera ematea da. Lehen edizioa iaz antolatu zuten eta arrakasta eduki zuen.
Urdangarinen kontzertua 19:30ean hasiko da. Zornotzako musikariak MMXV bere azken diskoko abestiak joko ditu, Nika Bitchilvili biolin jotzailearen laguntzarekin.
Zur eta lur programako bigarren ekitaldia hilaren 26an izango da. Marimundukok bere ipuin harrigarriak kontatuko ditu. Bi emanaldi egingo ditu: 17:00etan eta 18:00etan. Marimunduko (Maitane Aizpurua) Ataungo Jentilbaratza elkarteko kidea da eta Joxemiel Barandiaranek bildutako hainbat ipuin eta kontakizun harrigarri azalduko ditu.
Sarrerak 2,5 euro balio du eta aurrez izena ematea komeni da. Parte hartzaileek parketxea bisitatzeko aukera ere edukiko dute.
Bukatzeko, abenduaren 17an Olentzero etorriko da Anduetzara. 17:00etan helduko da bertara. Ondoren, haurrekin taloak egingo ditu eta beraiekin askaria egingo du. Parte hartzaileek 5 euro ordaindu behar dute, askaria barne.













