Eguzkik eta Landarlanek auzitara joko dute Aralarko pisten kontra
Goierriko Hitza
Goierri
Hondeamakinak Aralarren. // Argazkia: Eguzki
Eguzki Erakunde Ekologistak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak auzibidera jotzea erabaki dute Aralarko pistak eraikitzeko “legez kanpoko egoera” salatzeko. Bi taldeek zabaldutako oharraren arabera, “Gipuzkoako Aldundia eta Enirio-Aralarko Mankomunitatea Aralarko Natur Parke eta Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremuan (Goroskintxu eremuan) egiten ari diren legez kanpoko lanak ezagutu eta aztertu” ondoren, Herrialde-Auzitegiko Ingurumeneko Fiskaltzaren eskuhartzea eskatu dute. Bide batez, “Aralarko zaintzan elkarlanean” aritzea erabaki dute, eta “Gipuzkoako ondare publiko honen babesa” bermatu ahal izateko, bide administratiboan saiatu ondoren, bide penala erabiltzea erabaki dute.
Hala, “Parkearen bihotzean dagoen Saltarrirako pistaren proiektuko eta horren barne Goroskintxurako hasitako lanen arduradunen aurka salaketa” jarri dute, lan horiek “hirigintza eta ingurumen araudi guztien aurka” doazela ikusita, baita Parke Naturaleko araudien kontra ere, bi erakundeok azaldu dutenez. Pistak eraikitzeko lanak “bertako ekosistema eta habitat babestuetan kalte larriak” eragiten ari direla salatu dute.
Eguzkik eta Landarlanek aurkeztutako salaketaren argudioak:
• Natura 2000 Sarean barruan dauden naturgune babestuen inguruko legediaren aurka doa proiektua, eta honen ondorioz inoiz ez zen onartu behar.
• Proiektuaren eremuan 6 Interes Komunitarioko Habitat daude, 92/43/CE Habitaten Arteztarauaren I. Eraskinean jasotzen direlarik. Hauetako bat gainera Lehentasunezkoa da, “Formazio belarkarak Nardus-ekin, espezie ugariekin. Mendialdeetako substratu silizeotan (eta Europa kontinentaleko azpimendialdeetan)” izenekoa, eta kalte gehiena jasoko duena hain zuzen. Guzti honek ustezko inputazio penala areagotzea ekarriko luke.
• Pista berri honen proiektua gauzatzeak ez du erlaziorik Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dagoen eremu honen kudeaketarekin, eta inolaz ere ez da beharrezkoa horretarako 92/43/CE Habitaten Arteztarauak ezartzen duenaren arabera. Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuaren osotasuna eta kontserbazio-helburuak larriki eragingo lituzke proiektu honek.
• 92/43/CE Habitaten Arteztarauak eta Ondare Naturala eta Bioaniztasuneko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak ezarritako derrigorrezko ingurumen azterketa egokirik ez du proiektu honek.
• Aralarko Parke Naturaleko Natur Baliabideen Antolaketako Planak (NBAP, 1994) agindutakoa saihesten du larriki.
• Aralarko NBAP honek lurzoruen mugitzeak debekatzen ditu era orokor batetan, orain bezelako eragindako Mendi Babesletako Eremuetan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.