«Kalean jaio nintzen, baina beti baserrian ibili naiz ganadu artean»
Ibai Aizpeoleak (Zegama, 1989) Goierri Eskolan mekanizatua ikasi zuen, baina ganadu mundua lantegi mundua baino gustukoago du. Hala, abeltzaintza da bere lanbidea. ...
Ibai Aizpeoleak (Zegama, 1989) Goierri Eskolan mekanizatua ikasi zuen, baina ganadu mundua lantegi mundua baino gustukoago du. Hala, abeltzaintza da bere lanbidea. Bihar Zegamako San Martin ferian parte hartuko du.
Ganadua umetatik al duzu gustuko?
Bai. Kalean jaio nintzen, baina aita Ariztiberri baserrikoa da eta beti baserrian ibili naiz, ganadu artean. Goierri Eskolan mekanizatua ikasi nuen, baina ganadu mundua nahiago dut. Lantegian lan egindakoa naiz, baina gutxi.
Zure familian aspalditik al dira ganaduzaleak?
Aitona artzaina izan zen eta aitak behiekin lan egin du beti. Osabak ere ganadua dauka.
Zein ganadu duzue egun?
Behiak eta behorrak ditugu. Behiak 70 bat eta behorrak 30 bat. Bai behiak eta bai behorrak haragitarako dira. Osaba ibiltzen da saltzaile lanetan. Garai batean 100 bat behi eduki genituen, baina behi-haragi kontsumoa jaitsi egin da, pentsuaren prezioa igo egin da…
Zergatik gustatzen zaizu hainbeste ganadu mundua?
Beti hemen ibili naiz, hau ikusi dut… eta, azkenean, gustatu. Zergatik gustatzen zaidan gehiago abeltzain lana fabrikakoa baino? Hemen ez duzu orduen menpe egon behar. Hori bai, beharbada lantegian baino ordu gehiago sartu behar dira. Baina gustatuz gero… Aitonak ardiak zituen, baina behiak eta behorrak baino lotuagoak dira. Behiek eta behorrek ere lan pixka bat ematen dute, neguan batez ere, baina ez ardiek bezainbeste. Neguan ukuiluan egoten dira eta jaten eman behar zaie, simaurra atera…
Urteko zati handi batean mendian egoten dira, beraz.
Partzoneriaren lurretan egoten dira. Gabonen aurretik jaitsiko ditugu. Mendian daudenean, astean lau bat aldiz igotzen gara: nola dabiltzan ikusi, behar den tokian ibil daitezela… Batzuetan ihes egiten dute. Hemen ehiztari asko ibiltzen dira eta batzuetan ez dituzte hesiak errespetatzen. Bestalde, baserriaren ondoan trenbidea dugu eta hori ere zaindu behar dugu. Hesiak jartzen eta zaintzen lan pixka bat badugu.
Abeltzain gazte asko al zaudete Zegaman?
Herrian beste bat bakarrik dago: Xabi Azurmendi artzaina.
Feria askotara joaten al zarete?
Ikustera bai, baina ganadua eramatera ez. Ez du merezi.