Pixoihalei bizitza berria
Goierriko Birzitek enpresak Ecoembes erakundearen R saria jaso du pixoihalak birziklatu eta balioztatzeko aurkeztutako soluzio iraunkorrarengatik. Laster emango dute ezagutzera prozesua
Goierriko hainbat enpresaren arteko lankidetzatik sortutako Birzitek Engineering enpresak Ecoembes erakundeak urtero banatzen dituen R saria jaso du berrikuntzako proiektu onenen atalean, haurrentzako eta helduentzako pixoihalak birziklatzeko eta balioztatzeko aurkeztutako irtenbide iraunkorrarengatik. Birzitekek Goieki garapen agentziaren eta Get Goierri estrategiaren laguntza izan du prozesu horretan.
Haur nahiz helduentzako pixoihalei bigarren erabilera bat eman ahal izateko zer egin zitekeen aztertzea izan zen Birzitek enpresak garatutako ikerketaren abiapuntua, kontuan hartuta urtean 900.000 tona bideratzen direla Espainiako estatuan dauden zabortegietara, eta horiek ingurumen inpaktu handia eragiten dutela. Birzitekek sari hori jaso duela da oraingoz zabaldu den informazioa, eta aurki emango dute prozesuaren berri www.birzitek.com gunean.
Ecoembesen esker ona
Ontzien berreskuratzea eta gaikako bilketa sustatzen duen erakundea da Ecoembes, eta ingurumenaren alde egiten duten entitateen lana eskertzeaz gain, merkaturatzen diren produktu berrietan birziklapen eta iraunkortasun neurri berritzaileak ikerketagai izatea baloratu du Birzitek enpresaren kasuan.













