Antonio Pradak Zumarragako kaleen historia azalduko du
Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak herri ibilaldia antolatu du larunbat honetarako. Oraingo honetan, Antonio Prada agirizainak Zumarragako kaleen historiari buruz hitz egingo du. Parte hartzaileak 11:00etan elkartuko dira, Eitzako Joseba Jaka plazan
Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak herri ibilaldia antolatu du larunbat honetarako. Oraingo honetan, Antonio Prada agirizainak Zumarragako kaleen historiari buruz hitz egingo du. Parte hartzaileak 11:00etan elkartuko dira, Eitzako Joseba Jaka plazan (Korta tabernakoa).
Zintzo-Mintzok bi ibilaldi antolatzen ditu urtero urretxuarrek eta zumarragarrek beraien herriak hobeto ezagutu ditzaten. Uda partekoa mendian izaten da eta negukoa kalean. Pradari ibilaldi horietako bat gidatzea proposatu zioten eta baiezkoa eman zuen.
Historialaria izanik, historiari buruz hitz egingo du. Eitzatik abiatuko dira. Izan ere, Eitza izan zen Zumarragako lehen hiri auzoa. Ordura arte, baserri auzoak bakarrik zeuden. Eitzatik Kalebarrenera jaitsiko dira, Elizkale eta Piedad kaleetatik pasata. «Kale horiek XVI. mendean existitzen ziren jada», azaldu du Pradak.
Kalebarrenetik geltokira joango dira, Soraluze, Legazpi eta Secundino Esnaola kaleetatik pasata. «XIX. mendearen bigarren erdialdean trenbidea egin zuten eta herria geltokiraino zabaltzera erabaki zuten. Garai harta-koak dira Soraluze, Legazpi eta Secundino Esnaola kaleak».
Ibilaldia Legazpi dorretxean bukatuko dute. «Soldadu etxea zen. Bertan, Lazkaoko jauntxoaren ordezkaria bizi zen. Berak kontrolatzen zituen baserriak».
Aipatutako kale horien guztien izenak aldaketa asko jasan dituzte azken mendeetan. Kalebarren, adibidez, Zufiaurre zen. Legazpi kaleak beti izen hori izan du, baina Soraluze Kale Berria zen eta Secundino Esnaola Geltokiko kalea.
Baina aldaketa gehien ezagutu dituztenak plazak izan dira. Nafarroa plazak hasieran ez zuen izenik, plaza bakarra baitzen. Plaza berria egin zutenean, plaza zaharra izatera pasa zen. Bigarren Errepublikan Sabino Arana Goiri plaza izan zen eta erreketeak Zumarragan sartu zirenetik Nafarrroa plaza da.
Euskadi plazari dagokionez, Plaza berria, Artiz plaza, Alfontso XIII plaza, Errepublikaren plaza eta Espainia plaza izan zen.