Rezolako aparkalekua handitu ondoren, irekita dago berriz ere
Handitze lanei esker 14 aparkaleku gehiago egongo dira. Mugikortasun mahaia martxan da dagoeneko. Ordizia kalea, asfaltatze lanengatik itxiko dute astelehenean
Ordiziako hainbat eremutan egin berri diren edo hastear dauden hobekuntza lanekin amaituko da 2016. urtea. Joseba Rezola pasealekuaren parean, tren geltokitik gertu dagoen aparkalekua asteazken honetan zabaldu da berriz ere, handitze lanak amaitu ostean.
Aparkatzeko 14 plaza gehitu dira Adif eremuaren jabearekin akordio bat lortu eta gero. Bide batez, aparleku osoko zorua berritu eta trafikoaren noranzkoa berritu dute. Hori dela eta, orain, lehen sartzeko erabiltzen zen bidetik irten egin behar da, eta alderantziz, sartzeko, lehen irteteko erabiltzen zen sarbidea prestatu dute.
Rezola aparkalekuko berritze lanez gain, azaroan, tratamendu ez labangarria eman dute Goierri eta Filipinak kaleetako gune batzuetan. Arramendi bidea ere konpondu egin dute eta 3.490 metro koadroko zorua berritu dute, Iturtxotik Aranzegi baserriraino. Foru Aldundiaren laguntzarekin egin dituzte lanak.
Azkenik, Altamirako Okorro kaleko urbanizazioa berritzeko lanak esleitu berri dira. Obra laster hasiko dute eta Gipuzkoako Urak erakundeak eta Ordiziako Udalak egingo dute. Azpiegitura guztiak berrituko dira: argiteria, ur sarea eta saneamendua, zorua, espaloiak eta hiri-altzariak.
Mugikortasun mahaia
Udalak, bestalde, Ordiziako trafikoaren inguruko erabakiak hartuko dituen mugikortasun mahaia eratu du dagoeneko. Mahaia honela dago osatuta: deialdi publikoan izena emandakoen artean egindako zozketan hautatuak izan diren lau herritar, merkatarien ordezkari bat, alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bat (EAJ, EH Bildu, Ordizia Orain, PSE-EE eta Irabazi Ordizia) eta alkatea. Trafiko, aparkaleku eta oinezkoen segurtasun egoeren aurrean, irtenbideak aztertzea, eztabaidatzea eta proposatzea dira mahaiak definitu dituen helburuak.
Asfaltatze lanak
Asfaltatze lanak direla eta, hurrengo astelehenean, hilak 12, Ordizia kalea erabat itxiko dute eta ibilgailuek ez dute sartzerik izango. Hortaz, Kale Nagusia, Andre Mari kalea, Elkano kalea, Goen kalea, Done Petri kalea, Etxezarreta kalea, Legazpi kalea, Goitia kalea, Plaza Nagusiko, Ordizia kaleko eta Urdaneta kaleko bizilagunei itxiera hori aurrez kontuan izatea eskatu diete.
Larrialdiren bat sortuz gero, udaltzaingora deitu beharko dute, 943 80 56 16 telefono zenbakira.













