60 urtetik gorako bi aizkolariren erronka
Jabier Aranberri 'Elorriaga' zumarragarrak 63 urte ditu eta 60 Joxe Ugarteburu ezkiotarrak. Bizitza osoa daramate aizkoran. Igandean 20 kana erdiko mozten saiatuko dira, Zumarragako plazan.
Jabier Aranberri Elorriaga zumarragarrak 63 urte ditu eta Joxe Ugarteburu ezkiotarrak, berriz, 60. Beraien adinarekin beste batzuk bidaiatzen edo kartetan jokatzen ematen dute eguna, baina bi goierritar hauek beraien betiko zaletasunari eutsi diote: aizkolari jaio ziren eta aizkolari hilko dira. Hala, igande honetan marka bat ezarri nahi dute: 20 kana erdiko ebakiko dituen 60 urtetik gorako lehen bikotea izango da. Saioa Zumarragako plazan izango da, 12:30ean. Ekimenak udalaren babesa du.
Biak aizkolari handiak dira. Ugarteburu gazteagoa da eta Elorriagaren lehenengo saioetako bat ikusi zuela gogoratzen du. Saio hura Ezkion bertan izan zen. «Egurra idiekin ekarri genuela gogoratzen dut», dio Ugarteburuk. Handik gutxira, bera ere plazara irten zen. 16 urte bakarrik zituen. Elorriagaren maisua Jeronimo Iturbe Agiñeta izan zen eta Ugartebururena, berriz, Ramon Iurrebaso.
Ezkiotarrak Iurrebasorekin lan egin zuen, basoan. Hil berri den aizkolari handi hura berarentzat «aita bezalakoa» izan zela dio. «Gaitasuna nuela ikusi zuen eta gazte mailako txapelketara eraman ninduen. Bigarren egin nuen, Saralegiren atzetik. Herri askotara joan nintzen Iurrebaso zenarekin. Aita-semeak bezala joaten ginen plazara».
Pike sanoa
Ezkio eta Zumarraga ondoan daude eta ezkiotarrek eta zumarragarrek Elorriaga eta Ugartebururen arteko pikea sustatu zuten. Beti lagun onak izan dira, baina aizkora saioetan etsai amorratuen pare ibiltzen ziren. «Hala behar du», diote.
Biek lehen mailara heltzea lortu zuten. Ugarteburu hirugarren postuan sailkatu zen, bi aldiz, txapelketa nagusian. Batean Mendizabal zenaren aurretik eta bestean Arriaren aurretik. Bi urte haietan Mindegia handiak jantzi zuen txapela. Munduko txapelketa ere jokatu zuen, australiarren aurka. 26 urterekin aizkora utzi zuen, lana zela eta, baina 40rekin berriro ekin zion.
Elorriagak txapelketetan ez zuen horren emaitza onik lortu, baina apustu sonatuak irabazi zituen. 1990ean Floren Nazabali irabazi zion, adibidez. Handik urte batzuetara Nazabal Euskal Herriko txapeldun izan zen hainbat aldiz. Zumarragarrak segan eta aizkoran eta korrikan ere apustuak irabazi zituen.
Biek oso argi dute zergatik ez zuten txapelketa nagusia irabaztea lortu. «Hirugarren egin nuen bi aldiz, baina irabazlea nigandik oso urruti zegoen. Txapelketako lanak denbora onetan egin nituen, 34-35 minututan, baina gu mutil txikiak izan gara beti. Bizitasuna dugu, baina txikiak gara», dio ezkiotarrak. «Animalien artean bezala, kalitate berarekin, handia hobe», gehitu du zumarragarrak.
Ez dute aizkora munduko tankeek duten indarra, baina ilusioa eta sasoia soberan dituzte. Hala, zumarragarrak 20 kana erdiko ebakitzea proposatu zion ezkiotarrari. «Ez nuen gogo handirik eta 16 kana erdiko moztea nahikoa iruditzen zitzaidan, baina… 60 urterekin pertsona jarrita egoteko hobeto dago, baina oraindik osasun ona dugu eta lan polita egingo dugula uste dut. Ondo bidean, 42 minutu inguru beharko ditugu».
Ugarteburuk poliki-poliki erretiroa hartzeko asmoa du. «Erakustaldiren bat egingo dut, baina hemendik aurrera gazteei irakastea da nire helburu nagusia. Mikel Larrañagarekin aritzen naiz egun».
Elorriagak, ordea, ez du erretiro hitza entzun nahi. «Ez dut uzteko asmorik eta ez dut uste Joxek utziko duenik. Ez gara urrutira joango aizkoran egitera, baina bat-batean uzte hori ez zait batere gustatzen. Osasuna dagoen bitartean… Lesioei bakarrik diet beldurra. Gainontze-koan, egur batzuk ipini eta gozatu. Beste batzuk kiroldegira joaten dira eta guk aizkoran egiten dugu».
Etxekoek dagoeneko ez diete ezer esaten. «Zer esango dute ba… ea oraingo honekin bukatzen dugun!», dio ezkiotarrak. Elorriagaren emaztea ez da aizkora zalea, gainera. «Nahiko lan badu… Izan ere, semeak futbola utzi du eta aizkorara itzuli da».
Aizkora eskutan dutela edo aizkora eskutan duenari laguntzen, Ugarteburu eta Elorriaga beti izango dira aizkolari. Eta 20 kana erdikoak moztu edo ez, ezkiotar eta zumarragarrentzat beti izango dira txapeldun handiak.













