Gazte laguntzaileentzako bekak, haurren denboraldirako harrera eta ekintza humanitarientzako larrialdietarako laguntzak onartu ditu Beasaingo Udalak. Ia 47.000 euro bideratu ditu

Iaz Goierrira etorritako haur sahararrei Beasaingo udaletxean egindako harrera. // Argazkia: A. Apalategi
Urtarrilaren 26an egin zuen Beasaingo Udalak urteko lehenengo udalbatza, eta gai bakarra izan zen hizpide: ekintza humanitarioentzako laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartzea. Hiru ataletan banatzen dira laguntza horiek: gazte laguntzai-leentzako bekak, haurren denboraldirako harrera eta ekintza humanitarioentzako larrialdie- tarako laguntzak. Guztira 46.745,33 euro bideratuko dira aurten horretarako. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko zinegotziek aho batez onartu zituzten oinarriak.
Beasaingo gazte laguntzai- leentzako 12.463,55 euroko beka izango da laguntza horietako bat. Beasaingo gazteak beharrik handiena duten herrialdeetan garapeneko lankidetza ekintzetarako sentiberatzea eta gazteen artean herrialdeen eta kulturen elkartasun baloreak sustatzea da bere helburua. Gazteek gutxienez hilabeteko egonaldia egin beharko dute aukeratutako herrialdean, Araba, Bizkaia eta Arabako Gobernuz Kanpoko Erakunde baten bidez. Gazte bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu gehienez, bidaia, ostatua eta aseguruak ordaindu ahal izateko. Beasainen erroldatuta egotea eta eskaera egin aurretik gutxienez 18 urte beteak izatea da baldintza. Maiatzaren 31rako aurkeztu behar dira eskaerak.
Haurren harrera
Bigarren laguntza, garatze bi-dean dauden edo zoritxarren bat jasan duten herrialdeetatik datozen haurrentzako denboraldi baterako harrera programara bideratzen da; 10.906,7 eurokoa.
Haur bakoitzeko 1.500 euro jasoko ditu familiak, haurraren bidaia, arropa, oinetakoak, farmazia gastuak, betaurrekoak, dentista gastuak… ordaintzeko.
Kasu honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza duten elkarteek edo erakundeek egin behar dute diru laguntza eskaera; maiatzaren 31ra arteko epea dago horretarako.
Larrialdietarako laguntzak
Hirugarrena ekintza humanitarioentzako larrialdietarako laguntza da; guztira 23.375 euro bideratu dituzte horretarako. Kasu honetan, larrialdi kasuetan daudenentzako ekintza humanitarioak egiteko laguntza ematea da helburua, «baldin eta hondamendi naturalek, gatazka armatuek edo antzeko gertaeraren batek eragindako larrialdian edo hondamendian dauden pertsona eta erkidegoentzako badira».
Urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira eskariak.