Edukiontzi grisa astelehenean iritsiko da Zumarragako kaleetara
Zumarragan astelehenean hasiko dira errefusaren edukiontzi grisa jartzen. Astelehenetan eta ostiraletan bakarrik erabili ahal izango da eta irekitzeko edukiontzi marroia irekitzeko erabiltzen den txartel bera erabiliko da. Ia etxe guztietan
Zumarragan astelehenean hasiko dira errefusaren edukiontzi grisa jartzen. Astelehenetan eta ostiraletan bakarrik erabili ahal izango da eta irekitzeko edukiontzi marroia irekitzeko erabiltzen den txartel bera erabiliko da.
Ia etxe guztietan dute jada. Oraindik ez dutenek, kultur etxean eskatu behar dute: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara ere bai.
Merkatariak astelehenean hasi ziren sistema berriarekin, beraien edukiontziak baitituzte. Etxeetarako edukiontziak astelehenetik aurrera jarriko dira. Astelehenean Ipar Haizea, Izazpi, Busca Isusi eta Iñaki Linazasoron jarriko dituzte. Egun horretan bertan edukiontzi ber-deak kenduko dituzte.
Argixaon, Leturiatarren plazan, San Gregorion eta Antio eta Beloki hiribideetan aldaketa otsailaren 12an izango da. 19an Artizen eta Legazpi auzunean jarriko dituzte edukiontzi grisak. Bukatzeko, otsailaren 26an erdialdean eta Etxeberri auzoan jarriko dituzte.
Lurrazpiko edukiontzien kasuan, organikoarena eta errefusarena irekitzeko txartela beharko da, zerraila elektronikoa jarriko baitzaie.
Bestalde, pixoihalentzako edukiontziak ere jarriko dira: hiru bilketa puntutik batean, gutxi gorabehera. Edukiontzi hauek haurren gurasoek eta pixoihalak erabiltzen dituzten helduek erabili ahal izango dituzte. Horretarako, txartelaren funtzio hau aktibatu behar da. Aktibatzeko, txartela kultur etxera eraman behar da.
Gaikako bilketa: %44
Sasietak eta udalak txartel eskaera sustatzeko kanpaina bat abian jarri zuten eta emaitzak eman ditu. Urretxun edukiontzi grisa jarri izanak ere eragin handia izan du. Abenduan gaikako bilketa %44koa izan zen. Urteko batez bestekoa %39koa izan zen. Zumarragako Udalak eta Sasieta Mankomunitateak aurten bertan gaikako bilketa %60ra iristea espero dute. Hala, Europak agindutakoa baino hiru urte lehenago lortuko litzateke portzentaje hori.