Jon Azpillagak Goierrin botatako bertsoak
Bertsoa.eus atariak zabaldu du albistea. Jon Azpillaga bertsolaria hil da, 81 urte zituela. Pasaian jaio bazen ere, 1960an Berriatuara (Bizkaia) joan zen bizitzera, eta handik Mutrikura. Hamalau urterekin hasi zen koplak kantatzen, eta frankismo garaian plazaz plaza aritu izan zen, batez ere, Jon Lopategi lagunarekin batera.
Plazetan ez ezik, txapelketetan ere aritu izan zen Azpillaga. 1961ean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen, eta Txapelketa Nagusietan, lau aldiz iritsi zen finalera: 1960an, 1962an, 1980an eta 1982an.
Herriz herri egindako ibilbide horretan, Goierrin ere hainbat saio egin zituen Azpillagak. Besteak beste, Idiazabalen, Gabirian, Legazpin, Ordizian, Seguran, Zaldibian edota Zumarragan aritu izn zen. Hemen, Idiazabalen eta Ordizian egindako saio bana bildu ditugu, Bertsolaritzaren Datu Basetik hartuak biak:
· Idiazabalen, 1982ko azaroaren 28an botatako bertsoa. Kartzelako saioa zen, eta Joxe Mari Iriondok jarritako gaia hauxe: “Ez naiz ni gerraren zale, baizik bakearen alde”
· Ordiziako jaialdian, 1988ko irailaren 10ean bakarka botatako bertsoak. Gaia: “Arrantzale baten emaztea zera eta zure senarra ekaitz baten ondoren bizirik heldu da lurrera. Zeu zain zeunden…”
· Zumarragan, 1989ko uztailaren 1ean botatako bertsoak. Gaia: “Lantegiko nagusia izanik, zer lan emango zenieke atzean dauden bost gazteei?”
· Zerainen, 1989ko irailaren 16an, Angel Mari Peñagarikanorekin batera, binaka botatako bertsoak. Gaia: “Felipe Gonzalezek hauteskunde ondorean gerrikoak estutu beharko direla omen dio.”