Imanol Gartziandia, Markel Beltza eta Iker Serranoren aurka, bihar Logroñon
Urola eskubaloi taldetik atera eta Asobal ligan jokatzen duten hiru jokalariak Logroñon elkartuko dira bihar: Imanol Gartziandiaren Naturhouse La Riojak Markel Beltza eta Iker Serranoren Bidasoaren aurka jokatuko du. Partida
Urola eskubaloi taldetik atera eta Asobal ligan jokatzen duten hiru jokalariak Logroñon elkartuko dira bihar: Imanol Gartziandiaren Naturhouse La Riojak Markel Beltza eta Iker Serranoren Bidasoaren aurka jokatuko du. Partida 20:00etan hasiko da.
Errioxarrak dira faboritoak. Izan ere, urtero Txapeldunen Liga jokatzeko prestatutako taldea da. Bidasoa, berriz, aurten igo da Asobal ligara. Serrano Gartziandiari eta bere taldekideei gauzak zail jartzen saiatuko direla esan du. «Beraiek dira faboritoak: Txapeldunen Liga jokatzen ari dira, partida beraien etxean jokatuko dugu, bi jokalari dituzte postu bakoitzeko… Dena den, azkenaldian ondo ari gara jokatzen eta ez dugu presiorik. Ea partida ere sentsazio on horiekin bukatzen dugun. Guk oso partida ona jokatzea eta beraiek beraien maila ez ematea da gakoa».
Partida berezia izango dela dio. «Sekula ez dut Imanolen aurka jokatu. Ea zenbat jokatzen duen berak eta ea zenbat jokatzen dudan nik… Izan ere, lesionatuta egon naiz eta oraindik ez naiz erabat osatu. Markelek ziur jokatuko duela. Bioi tokatuko zaigu Imanol defendatzea. Egur pixka bat ematen saiatuko gara».
Gartziandia, berriz, bere herrikideei izkin egiten saiatuko da. «Partida berezia da niretzat, noski. Bi herrikideren aurka jokatuko dudalako eta, gainera, beraien taldea Bidasoa delako». Errioxarrek ezin dute kale egin. «Azken partidetan emaitza txarrak lortu ditugu eta irabazi beharra dugu. Beraientzat partida zaila da, baina joan zen astean lan handia eman zioten Ademar taldeari. Artalekun irabaztea oso zaila da kanpoko taldearentzat eta Bidasoak gutxienez puntu bat lortzea espero genuen». Bihar Bidasoari golak sartzen saiatuko da. «Markelek defentsan jokatzen du eta aurrean edukiko dut. Oso indartsua da, baina bere aldetik golen bat sartzen saiatuko naiz».