Emakumeek beretzat behar duten etxea
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira Goierri garaian antolatutako ekintzak aletu dituzte. Hainbat konpromiso ere hartu dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna bermatzeko. Emakumearen Etxearen ateak irekiko dituzte.
Virginia Woolfek (Ingalaterra, 1882-1941) Gela bat norberarena saiakeran honakoa zioen 1929an: «Fikzioa idatziko badu, emakumeak dirua behar du eta gela bat beretzat». Idatzi dioen tokian zenbat aditz josi daitezke? Jabetu, lan egin, norbera izan, gozatu, ama bihurtu… Atzo, Goierri garaiko lau udaletako ordezkari politikoek martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira agerraldia egin zuten. Agerraldian egunaren bueltan prestatutako ekintzak eta hartutako konpromisoak aurkeztu zituzten. Konpromiso guztien artean Emakumearen Etxearen irekieraren berri eman zuten.
Koldobike Olabide Legazpiko alkatearen hitzetan: «Goierri Garaiko emakume guztiek norberaren gela bat, topaleku bat izan behar dutela uste dugu. Etxe hori Jabekuntza Eskolaren esperientzia bikainetik abiatuta eraikiko da».
Aurreko urtarrilean, Berdintasunerako eskualde batzordean, aho batez onartu zuten Emakumeen Etxea egun Urretxu-Zumarragako Ikastolaren haur eskolaren eraikinean behin-behinean kokatzea. Izan ere, Zumarragako Urola trenaren geltokian kokatzea aspalditik datorren ideia da. «Toki hori aproposena dela uste dugu, hala ere, inbertsio handia eskatzen du eta gaur egun ez dugu horretarako baliabiderik. Aitzitik, proiektu hori finantzatzeko bideak bilatzeko konpromisoa hartzen dugu». Emakumearen Etxeak Legazpin bigarren etxe osagarri bat izango luke, «2018rako izatea espero dugu».
Ez da atzoko agerraldian hartu zuten konpromiso bakarra. Udal politiken esku hartze eremu guztietan generoaren zeharkakotasuna sartzeko prest agertu ziren, hala nola, kontratazio prozesuetan, diru laguntzen programetan, enplegu sustapenean eta gizarte arretan, besteak beste.
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortu bidean, Europako Gutunari erreparatu zioten eta gutunean jasotako gomendioak praktikan ipintzeko konpromisoa ere hartu zuten. Zortzi printzipio xehatu zituzten Mikel Serrano Zumarragako alkateak euskaraz eta Joseba Etxezarreta Ezkioko alkateak gaztelaniaz. Finean, gutunean tokiko gobernuei eskatzen zaie erabakiak hartzen diren esparru guztietan beharrezko neurriak eta estrategiak ezartzea emakumeen eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko.
Izan ere, egun, oraindik ere ez dago halako orekarik. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako udaletako %24,7an soilik daude emakume alkateak. Sindikatuetan zein erakunde finantzarioetan ere ez dago orekarik eta elkarteetan jardueraren araberakoa da emakumezkoen presentzia; rol femeninoa duten elkarteetan agertzen dira andre gehiago gidaritza postuetan.
Espazioak sortzea
Gutunari lotutako konpromi-soak, besteak beste, honakoak dira: erakundeetako parte hartzea eta bizitza pertsonala nahiz familiarra uztartzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea, berdintasun sailen eskuetan baliabideak jartzea eta emakumeen parte hartzea indartuko duten espazioak eta sareak sendotzea.
Virginia Woolf ibai baten ertzean jarri zen emakumeaz eta literaturaz eskatu zioten entseguaren nondik norakoari buruz hausnartzeko. Berehala konturatu zen ondorio batera iristeko gai ez zela izango eta iritzi xume baten bueltan harilkatu zuen bere entsegua: emakumeak sortuko badu dirua eta gela bat, espazio bat, etxe bat behar du beretzat.













