Zumarraga, ur gutxi kontsumitu eta galtzen duen herria
Mikel Serrano alkateak eta ur-horniketaz arduratzen den Aquarbe enpresako Jon Koldo Izagirre eta Angel Manuelek prentsaurrekoa eman dute gaur kontsumoari buruzko datuak emateko eta azken berrikuntzak ezagutzera emateko. Zumarraga puntaren-puntan
Mikel Serrano alkateak eta ur-horniketaz arduratzen den Aquarbe enpresako Jon Koldo Izagirre eta Angel Manuelek prentsaurrekoa eman dute gaur kontsumoari buruzko datuak emateko eta azken berrikuntzak ezagutzera emateko.
Zumarraga puntaren-puntan dagoela esan dute: oso ur gutxi kontsumitzen eta etxeetara bidean oso gutxi galtzen da. Zumarragar bakoitzak 100 litro kontsumitzen ditu egunean. Gipuzkoako batazbestekoa 150 litrokoa da eta Estatukoa 200 litrokoa. Bestalde, bidean %7 bakarrik galtzen da. “Azken hamarkadetan lan handia egin dugu. 2001ean errendimendua %73koa zen eta 2016an %93koa izan da. Europan %75-80koa da”, esan du alkateak.
Hau guztia udalak inbertsioak egin dituelako (860.000 euro 2011tik hona), Aquarbek ondo lan egin duelako eta herritarrak kontzientziatuta daudelako lortu da.
Izagirrek Zumarragako emaitzak “izugarriak” direla esan du. “Lanean jarraitu behar da. 40 urte baino gehiago daramatzagu Zumarragan lanean eta herri hau izango da gure zerbitzu berriak probatzen lehena. Gure lanaren ardatza digitalizazioa, berrikuntza, jasangarritasuna eta konpromiso soziala dira”.
Manuelek Aquarberi sakeleko telefonoaren zenbakia eta helbide elektronikoa emateko eskatu die zumarragarrei. “Gure lehentasunetako bat bezeroen arreta zerbitzua da. Telefono zenbakiari eta helbide elektronikoari esker, mozketen eta gehiegizko kontsumoen berri emango diegu”.
Bestalde, faktura ordaintzeko dirurik ez dutenei ez dietela ur-horniketa etengo esan dute. “Gizarte Zerbitzuekin akordio bat sinatu behar dugu horretarako. Baliabiderik ez dutenen ura guk ordainduko dugu”.