«Aitona-amonek asko eskertzen didate euskaraz egitea»
Nadia Reghif (Legazpi, 1977) Korrikan parte hartu zuen milaka euskaltzaleetako bat da. Seme-alabengatik ahalegin berezia egin zuen, 02:00etan pasa baitzen eta hurrengo goizean lanera joan beharra baitzuen. Marokoar jatorrikoa zara.
Nadia Reghif (Legazpi, 1977) Korrikan parte hartu zuen milaka euskaltzaleetako bat da. Seme-alabengatik ahalegin berezia egin zuen, 02:00etan pasa baitzen eta hurrengo goizean lanera joan beharra baitzuen.
Marokoar jatorrikoa zara.
Gurasoak marokoarrak dira. Hemen jaio ginen anaia-arreben artean, bigarrena naiz. Bi zaharrenak Marokon jaio ziren eta hurrengo lauak hemen.
Zertan lan egiten zuen zure aitak?
Hasieran obretan lan egin zuen, ondoren Patrizio Etxeberria lantegian eta azken urteetan azoketan lan egin zuen. Istripu batean hil zen. Arropa saltzen zuen.
Zu jaio zinen garaian ez zinetan marokoar asko egongo Legazpin.
Gu bakarrik geunden, baina oso ondo hartu gintuzten. Haurtzaroko oso oroitzapen onak ditut.
Primeran hitz egiten duzu euskaraz.
Ikasketak Legazpiko Domingo Agirre ikastetxean hasi nituen. Han, 1. eta 2. maila egin nuen. Ondoren, Ormaiztegira joan ginen bizitzera. 3. mailatik aurrera, Beasaingo Loinazpe ikastetxean ikasi nuen.
Zure anaia-arrebek ere euskaraz hitz egiten al dute?
Gazteenak, bai. Zaharrenek, ez, eta beste biek euskara ulertzen dute, baina hitz egitea kosta egiten zaie.
Zertan lan egiten duzu?
Aitona-amonak zaintzen, garbiketa lanak egiten…
Euskara hitz egiten jakiteak lagundu dizula esango al zenuke?
Bai. Aitona-amonek asko eskertzen didate euskaraz egiten diedanean. Zapiarekin ikusten naute eta meritu handia dudala esaten didate.
Zure seme-alabek ere euskaraz jakingo dute.
Hala da. Bost seme-alaba ditut eta bostek euskaraz hitz egiten dute. Bi zaharrenek La Salle-Legazpin ikasi dute. Hirugarrenak ere bertan ikasi zuen, Lehen Hezkuntzako 5. mailara arte. Ondoren, Urretxu-Zumarraga ikastolara joan zen. Bi gazteenek ikastolan ikasten dute.
Euskaraz ikastea nahi al zenuen?
Bai, etxean gazteleraz egiten dugu gehienbat. Dena den, txikiarekin euskaraz egiten dut askotan. 5 urte ditu. Ikastolan euskaraz egiten du eta nik ere euskaraz dakidanez, euskaraz hitz egiten dit. Arabieraz oso gutxi egiten dugu.
Korrikan parte hartu zenuen.
Zaharrena txikia zaintzen gelditu zen, bigarrena lagunekin irten zen Korrikan parte hartzera eta ni beste biekin atera nintzen. Ikastolako lagunekin gelditu ziren eta ez zeuden etxean egoteko! Oso gustura ibili ginen. Ipeñarrietatik Eitzara joan ginen. Hurrengo egunean, lanean, nekatu samar nengoen. Baina pasa zen.
Askotan parte hartu al duzu Korrikan?
Bai. Umetan ikastetxekoekin parte hartzen nuen. Azken urte hauetan ez dut parte hartu, seme-alabekin gelditu beharra bainuen. Duela bi urtekoa balkoitik ikusi nuen, orduan 11 urte zituen alabarekin.