Lore eta landare azoka, igandean Urretxuko Gernikako Arbola plazan
Igandean Urretxuko 12. lore eta landare azoka egingo dute Gernikako Arbola plazan. Saltzaileak 10:00etatik 14:00etara egongo dira bertan. Haur eta helduentzako tailerrak ere egongo dira. Azokan, loreak, landareak, lorezaintzako tresnak
Igandean Urretxuko 12. lore eta landare azoka egingo dute Gernikako Arbola plazan. Saltzaileak 10:00etatik 14:00etara egongo dira bertan. Haur eta helduentzako tailerrak ere egongo dira.
Azokan, loreak, landareak, lorezaintzako tresnak eta jateko lore eta haziak jarriko dituzte salgai. Gainera, azokan erosketak egiten dituztenek hainbat lore eta landareen zozketan parte hartuko dute.
Haur eta helduentzako tailerrak ere egongo dira. 11:00etatik 14:00etara, hain zuzen ere. Parte hartzaileei landareak nola landatu irakatsiko diete, besteak beste. Eskulan tailerra ere egongo da.
Aurtengo lore eta landare azokan zazpi saltzailek parte hartuko dute. Horietako hiru Goierrikoak izango dira: Zumarragako Urruti Landareak, Ordiziako Azantza Negutegia eta Aramako Aritz Urretabizkaia.
Beste lau postuak Usurbilgo Aranburuk, Lasarte-Oriako Rosa Maria Estebanek, Usurbilgo Joseba Urtineak ea Iurretako Ortuberrik jarriko dituzte. Aurtengo Kilometroak festa antolatzen ari den Oñatiko Txantxiku ikastolak ere postua jarriko du. Bertan, Kilometroakeko arropa salduko dute.
Balorazio positiboa
Ekitaldi hau Urretxuko Udalak antolatzen du. Sustapen Soziokulturala saileko teknikariak oso gustura daude lore eta landare azokak eman dituen fruituekin. «Oso esker oneko azoka da. Urtetik urtera, bere neurrian, oso harrera ona izaten du. Zalaparta handirik gabe, bere funtzioa betetzen du. Bai saltzaileek eta bai erosleek oso gustura hartzen dute».
Tailerretan ere jende askok parte hartzen du. Horri guztiari esker, Gernikako Arbola jendez eta kolorez betetzen da. «Tailerretan haur askok parte hartzen dute, zozketak ikusmin handia pizten du, loreek plaza kolorez betetzen dute… Oso azoka polita da. Ikusgarria», amaitu dute kultur etxeko teknikariek.