Mirentxin Eguna ospatzen ari dira gaur Urretxun
Bost urte dira Urretxu-Zumarragako Mirentxin taldea sortu zela. Mirentxin presoen senideak eta lagunak kartzeletara eramaten dituzten gidarien taldea da. Aste guztian zehar egin dituzte ekintzak gaztetxean gidariei laguntzeko helburuz, baina
<!–
P { margin-bottom: 0.21cm; }
–>Bost urte dira Urretxu-Zumarragako Mirentxin taldea sortu zela. Mirentxin presoen senideak eta lagunak kartzeletara eramaten dituzten gidarien taldea da. Aste guztian zehar egin dituzte ekintzak gaztetxean gidariei laguntzeko helburuz, baina gaur izango dira ekintza nagusiak.
Goizean furgokarabana egin dute eta eguerdian ekitaldia izan da Areizaga-Kalebarren plazan. Zanpantzarrek ireki dute ekitaldia. Ondoren, musikariek eta bertsolariek saiotxo bana egin dute. Ekitaldia amaitzeko taldeko bi kide bertaratutakoei zuzendu zaizkie. Dispertsioak 27 urte luze bete dituela salatu dute, eta guztira “errepideetan 16 heriotza” eragin dituela. 2017an dagoeneko bost istripu izan direla jakinarazi dute, “bat hilabeteko”. Guztiarekin, bidaiak “maitasun handiz” egiten dituztela esan dute, besteak beste, elkartasuna zer den ikasi dutelako. Bide beretik jarraitzeko asmoa ere azpimarratu dute, presoak ez dituztela bakarrik utziko aginduta.
Oraindik orain preso dauden urretxuar-zumarragarrak gogoan izan dituzte: Ainhoa Barbarin, Isma Berasategi, Xabier Zalabalo eta Joseba Segurola. Ez dituzte ahaztu nahi izan, gaur Espainiako espetxeetara martxan joan diren goierritarrak ere.
Mirentxin Eguneko ekitaldiek arratsaldean ere izango dute jarraipena. Gaztetxean egiten ari diren bazkariaren ostean Gartxot bakarlariak abestu du. Gauean kontzertuen txanda izango da Dirtää, Rukula, Pepe Botika eta DJ Hegoa taldeen eskutik. Zozketa ere egingo dute tartean. Egun osoan zehar txartelak saldu dituzte, gidariak laguntzeko helburuz. Hiru opari zozketatuko dira guztira: presoek egindako eskulanak, bertako baserrietako produktuekin osatutako saski bat eta kartzelak dituzten herrialdeetako produktuekin osatutako beste bat.