Merkatariek merkealdia kalera aterako dute bihar
Urretxuko eta Zumarragako merkatariek euren salgaiak kalera aterako dituzte bihar Merkealdia Kalera ekimenaren edizio berri batean. Bi herrietako 15 dendek hartuko dute parte aurten, tartean arropa, haur moda, kirol jantziak
Urretxuko eta Zumarragako merkatariek euren salgaiak kalera aterako dituzte bihar Merkealdia Kalera ekimenaren edizio berri batean. Bi herrietako 15 dendek hartuko dute parte aurten, tartean arropa, haur moda, kirol jantziak eta osagarriak eta irudi aholkularitzako produktuak izango dira aukeran. Ekitaldia Zumarragako Euskadi plazako arkupeetan egingo da, 10:00etan hasi eta 21:00ak bitartean.
Maria Pavon, Urretxu eta Zumarragako merkataritza teknikariaren hitzetan, biharko ekimenaren helburu nagusia dendak herritarrengana gerturatzea da. Merkatarientzat hitzordu garrantzitsua da biharkoa, “asko saltzen dute, martxoan hiru egunetan zehar egiten den Stock azokan baino bi aldiz gehiago egun bakarrean”, dio Pavonek.
Uda sasoiko maukak eskuratzeko aukera izango da bihar, baina beste hainbat ekintza ere antolatuko dituzte horren osagarri, batez ere haurrei begira. Haur txokoa izango da egun osoan zehar Euskadi plazan bertan, “haurrentzako jolasak, margotzeko txokoa eta puzgarriak izango dira”. Eguraldiak laguntzen badu, apara festa ere egingo dute 19:00etan hasita.
Hauek dira ekimenean parte hartuko duten merkatariak: Arku, Boca-boca, Maraï&NKN, Vertigo, Hamahiru, Baby, Kimukid, Kux-Kux, Julita mertzeria, Titare, Alex Kirolak, Interesport Loramendi, Bidegorri kirolak, Zerki eta Naif Concept Store.