Arte Ederretako eskolako ikasleen lanak ikusgai Zelai Arizti kultur etxean
Aurtengo ikasturtean zehar 100 gaztetik gora ibili dira Zelai Arizti kultur etxean dagoen Zumarragako Arte Ederren eskolan. Egindako lanak Zelai Arizti kultur etxean ikusgai jarri dituzte erakusketa batean. Erakusketa etzira
Aurtengo ikasturtean zehar 100 gaztetik gora ibili dira Zelai Arizti kultur etxean dagoen Zumarragako Arte Ederren eskolan. Egindako lanak Zelai Arizti kultur etxean ikusgai jarri dituzte erakusketa batean. Erakusketa etzira arte irekita egongo da goizez nahiz arratsaldez astelehenetik asteazkenera eta goizez soilik ostegunetan eta ostiraletan.
Askorentzat lehenengo urtea izan da, badaude beste batzuk, berriz, bi urtetik gora daramatzatenak. Hasi berriak direnei, oinarrizko teknikak erakusten dizkiete Dorleta Ugarteburu eta Laura Cendoya irakasleek. Horrela, marraztea eta itzalak egitea izan ohi da haurren lehen lana. Horiek menperatzen doazen heinean, margotzen hasten dira; 6 urtetik 12 urtera artekoak tenperarekin, eta 12 urtetik aurrerakoak margo akrilikoekin.
Erakusketan teknika ezberdinetan landutako 6-12 urte bitarteko ikasleen 90 lan ikusteko aukera dago.
Haurren lana errazte aldera, erakusketaren gaia librea izatea erabaki zuten arduradunek, hala ere, koadroetan animaliak dira nagusi. Aipatzekoa da, baita ere, bodegoi eta landareen margo kopurua. Erakusketako lanak bi ataletan daude sailkatuta; batetik tenperak, 6 urtetik 8 urtera arteko ikasleenak, eta bestetik koadro gainean eginiko akrilikoak, 9 urtetik 11 urtera artekoek egindakoak.
Udako ikastaroa
Ikasturtea amaituta badago ere, Arte Ederren eskolak ez du etenik uztailean. Udako ikastaroa abian da uztailaren 21era arte. Kurtso honetan, urtean zehar ibiltzen diren ikasle batzuez gain, hasi berriak diren haurrak ere topa daitezke. Izan ere, urtean zehar egiten ez dituzten lanak burutzeko aukera izaten dute ikasleek; hala nola, kristal edo oihal gaineko margoak, eraztunak, edota alanbreekin egindako eskulturak.
Udako ikastaro honetan parte hartzen duten 12 urtetik gorako ikasleen lanak, irailean abiaraziko duten erakusketan ikusgai jarriko dituzte. Orduan, iazko ikasturteko helduenen lanekin batera. Guztien lanak erakusketa bakarrean jarriko dituzte Zelai Ariztin; irailekoan margo akrilikoekin egindako lanak izango dira nagusi.
Cendoya eta Ugarteburu irakasleak gustura azaldu dira erakusketa izaten ari den erantzunarekin. Izan ere, ikasleak eta haien gurasoez gain, herritar asko joaten ari baitira bertara lanak ikustera.