Haurrek hartu dute agintea Ordizian
Ordiziako Santa Ana jaien barruan, haurren eguna ospatzen ari dira gaur. 12:00etarako minutu gutxi falta zirela, alkate txikiek, June Villarrek eta Hodei Rodriguezek, aginte makila jaso dute, Jose Migel Santamaria, Ordiziako alkatearen eskutik. Jarraian, udal ordezkaritza txikia, udaletxeko balkoira atera da, haurren egunaren hasierako suziria botatzeko. Udaletxe aurrean, herriko gaztetxoen kuadrillak bildu dira eta plaza kolorez bete dute. Suziria bota eta gero, kalejiran abiatu dira guztiak, buruhandi, erraldoi, txistulari, trikitilari eta Burrunbazle txarangarekin batera.