Goierritarren gaztak, gourmet jaki onenak
Jauregi-Gorrotxategi sendi goierritarrak Ilarduian egiten duen La Leze gaztak lorpen handiena jaso du Great Taste elikagai lehiaketan, Ingalaterran. Olaberriko Aizpeak ere bi sari jaso ditu, bi gaztarekin.Ingalaterran 1994tik egiten den Great Taste eli...
Jauregi-Gorrotxategi sendi goierritarrak Ilarduian egiten duen La Leze gaztak lorpen handiena jaso du Great Taste elikagai lehiaketan, Ingalaterran. Olaberriko Aizpeak ere bi sari jaso ditu, bi gaztarekin.
Ingalaterran 1994tik egiten den Great Taste elikagai, jaki eta edari lehiaketa munduko handiena da. Aurten 12.366 jaki baloratu dituzte 500 epaile adituek, martxotik uztailera, 62 dastaketa pausatutan. Izar kopuru bat aitortuta aitortzen diote bakoitzari kalitatea. Oraingoan ere, aurreko bi urteetan bezala, Idiazabal Gazta izendapeneko bi gaztak sariak jaso dituzte.Eli Gorrotxategi beasaindarrak eta Joxe Mari Jauregi laz- kaotarrak duela 25 urte jarri zuten arditegia Ilarduian (Araba), Jauregiren amaren sorterrian. Aizkorri-Aratzen Goierriz beste aldeko magalean, Leze ospetsuaren ondoan dute gaztandegia, izen berekoa. Great Taste lehiaketara bi gazta aurkeztu zituzten —aurre-hautagaitza bat behar da—. Ketutako gaztak 3 izarreko kalifikazio gorena lortu du, «paregabea», eta munduko 150 jaki onenen artean sailkatu da. Azal naturaldun beste gaztarekin izar bat lortu du, «aparta» izendatua.
Olaberriko Aizpea gaztandegiko Mikel Etxezarretak eta Eli Arrillagak egindako bi alek ere balorazio oso ona lortu dute. Urbiako Ttonttor txabolan ekoitzitako mendiko gazta izenekoak bi izar jaso ditu («bikaina»), eta behean egindako beste batek izar bat.
Sari «oso garrantzitsuak»
Idiazabal Gaztaren azkeneko lorpen horien berri Ilarduian eman zuten, atzo, Artzai Gazta elkarteko kideek. Luisa Villegas koordinatzaileak ez du zalantzarik: «Albiste oso-oso garrantzitsua da, nazioartean. Arrakasta. Gazta bikainak ditugula argi geratu da».
Great Taste lehiaketan epaile aritu den Victoria Urresti katatzaile ofizialak —Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta EHUko batzordeko kide ere bada— sarien balioa «handia eta oso garrantzitsua» dela dio. «Izen eta neurri handienak dituen lehiaketa da, munduan. Edariak eta janariak baloratu ditugu, 12.000tik gora, era guztietakoak. Ebaluazio serioa da, oso deskribatua, xehea eta zorroztasun handikoa. Produktu guztien %35ek lortu dute saria. Grate Taste etiketa dutenak nabarmenduak dira, Britainia Handitik kanpora ere», azaldu du Urrestik. Asparrenako Udaleko zinegotzi eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko lehendakari Endika Zinkunegi ere ekitaldian izan da.
Zeraingo Basazabalgo Javier Muñoak ere Great Taste lehiaketan saria jaso zuen, 2015ean.
Munduko jaki onenetan
Hiru izar lortu dituzten produktu guztien artean final handia egingo dute, orain. Irailaren erdi aldera, gala batean jakinaraziko dute guztien artetik irabazlea zein den: munduko jaki onena. La Leze gaztak aukera hori badu, oraindik. «Oinak lurrean eduki behar dira, hala ere. Gazta hau oro urruti ailegatu da dagoeneko, eta guretzat jada irabazlea da», azaldu du Gorrotxategik.
«Artzainak gara, familia bat gara, eta egiten dugun lanetik bizi gara», dio beasaindarrak. Senar-emazteez gain, bi semeek ere etxean lan egiten dute: Arkaitzek —aizkolaria ere bada— erabat, eta Gaizkak Arabako Diputazioko lanetik irtendakoan. «Eguneroko lana gogorra da, nekagarria. Sari honek hori aitortzen du».
Ziur dagoena, 150 onenen artean badagoela La Leze gazta. Apirilaren 26an egin zuten gazta txapeldun hori, Lezeko gaztandegian. Ketzeko pago eta elorri zuri egurra erabili zuten.
Gazta ketuak eta azal naturalekoak egiteaz gain, gazta urdina, Camembert tankerako gazta bigun pastatsua eta gaztazaharra ere ekoizten dituzte Lezeko goierritarrek, Ilarduian.













