Hilaren 27an egingo dute kultur etxe berria egiteko lehenengo bilera eta herritarren iritziak jasoko dira. Igarondo pilotalekuak estalki berria eta igogailua izango ditu
Idiazabalgo udaletxe zaharraren eraikinean egin nahi den kultur etxe berriari buruzko hausnarketa sakona egiteko herri mailako lan talde iraunkorra sortuko da. Taldeak Idiazabalen kultura arloan dauden beharrak aztertu eta proposamenak landuko ditu. Irailaren 27an egingo dute lehenengo bilera, udaletxean, 18:30ean.
Idiazabalgo Udalak pauso bat gehiago eman nahi du eta herritarren beharrak asetzeko asmoarekin, kultur etxe berria egiteko beren iritziak jaso nahi ditu. Hilaren 27rako deitu duten lehen bilera horretan sortuko da lan talde iraunkorra.
Talde horren zeregina, herriak kultur arloan dituen beharrak aztertzea izango da. Udalak bilera horretan biltzen diren ideia eta proposamenak aztertuko ditu. Behin proposamen horiek prest dituztenean bilera ireki batean aurkeztuko dituzte ekarpenak jasotzeko.
Talde eragile ugari dago Idiazabalen, eta udalak guztiei dei egin die kultur etxe berriaren parte-hartze prozesura, «haiek egin dezaketen ekarpena oso baliagarria» izango delako. Dena den, gainontzeko herritarrei ere luzatzen die gonbitea, «zenbat eta jende gehiagok parte hartuz gero, prozesu aberatsagoa» izango delakoan.
Igarondo berria
1981. urtean ireki zuten Igarondo pilotalekua eta berrikuntza batzuren beharra ere bazuen da-goeneko. Horregatik, aurreko urtean aldagelak eta sarrera berritu ziren, irisgarritasun baldintzak bermatuz. Orain, bigarren faseari ekin diote.
Obraren esleipena Construcciones Echaideri egokitu zaio eta kostu osoa 248.000 eurokoa izango da.
Estalkia berritu eta igogailuaren instalakuntza egiten ari dira. Horretarako, egungo estalkia kendu eta isolamendua duen estalki berria ipiniko dute. Argi iturri diren estalkiko zati zehargarriak ere aldatu egingo dira, argiztapen naturala hobetzeko.
Igogailuari dagokionez, sarrera eremuan ipiniko dute, aurreko urtean hasitako lana bukatuz eta irisgarritasun neurri guztiak bermatuz.
Lan horiek guztiak burutu ostean, eraikina egungo eskakizunetara egokiturik geratuko da irisgarritasun baldintza guztiak bermatuz: instalakuntza elektriko berritua, suteen aurkako neurriak (larrialdietarako irteerak, larrialdietarako argiztapena, su itzalgailuak), osasun neurriak betetzen dituzten komunak eta aldagelak, besteak beste.