Antxiñako Ama txistulari taldeak erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean
Antxiñako Ama txistulari taldeak argazki erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean, 50. urteurreneko ekitaldien barruan. Igandea bitartean egongo da zabalik. Txistulari taldekoek herritarrei deialdia luzatu zieten argazkiak lortzeko eta
Antxiñako Ama txistulari taldeak argazki erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean, 50. urteurreneko ekitaldien barruan. Igandea bitartean egongo da zabalik.
Txistulari taldekoek herritarrei deialdia luzatu zieten argazkiak lortzeko eta erantzun bikaina jaso dute: 1.600 argazki inguru lortu dituzte. Lanik zailena erakusketarako irudiak hautatzea izan da. Bestalde, kultur etxeko teknikariei eskerrak eman nahi dizkiete, paperezko argazkiak digitalizatzeaz arduratu baitira.
Erakusketako argazkiak gaika jarri dituzte. Taldearen historia kontatu nahi zuten eta, hala, lehen argazkiak taldea sortu aurreko txistularienak dira. Argazki horiek 1950eko hamarkadakoak dira. Banda hura lau lagunek osatzen zuten eta txistulariak zahartu zirenean beste herritar batzuei haien lanarekin jarraitzea eskaini zieten. Hauek banda eredua aldatzea erabaki zuten: herri osoari txistua jotzen ikasteko eta bandako kide izateko aukera eman zioten. Garai hartan edonork ez zuen musika ikasteko aukera eta haur askok txistua jotzen ikasi zuten beraiekin.
Beste atal batean, Inazio Barrio eta Jesus Segurola artisauen eta Ramon Esnaola maisuaren argazkiak jarri dituzte. Baita Urretxuko txistularienak ere. Izan ere, beti oso harreman ona izan dute urretxuarrekin. Argazki batean elkarren aurka jokatutako futbol partida ikus daiteke.
Tradizio handiko ekitaldiek ere beraien tokia dute: Pazko astelehena, kalejirak, danborrada, dantza txapelketa, Santa Zezilia, San Joan bezpera eta Santa Isabel eguna, noski. Kontzertuek ere bere atala dute. Gabonetako txistu kontzertuari esker, txistua gainontzeko instrumentuekin parekatzea lortu dute. Kontzertuetako argazkietan herriko gainontzeko musikariak azaltzen dira.
Bukatzeko, ospakizunak eta urteurrenak jarri dituzte: Esteban Barrenari zilarrezko domina eman ziotenekoa, eta 25. eta 50. urteurreneko argazkiak. Erakusketan instrumentuak, testuak eta txistulari jantziak ere ikus daitezke. Urteurreneko ospakizunekin bukatzeko, hilaren 16an kontzertua egingo dute eta 2018 hasieran taldeari buruzko liburua aurkeztuko dute.