3D inpresiorako SLM teknologia aurkeztu die Goierri Eskolak beste zentro batzuetako ordezkariei
Fabrikazio aditiboak aukera berriak zabaldu ditu metalean 3D inpresioari esker posible baita sektorearen edota osagarriaren beharren arabera, forma geometriko ezberdinak ekoiztea. Garapen handienetarikoa iragartzen zaion esparruetako bat da honakoa. Horretarako, hainbat teknologia erabiltzen dira. Goierri Eskolak azken hamar urte hauetan SLM (Selective Laser Melting) deritzana darabil, Laser bidezko Fusio Selektiboa.
Teknologia bera erabiltzen duten zentro teknologikoak badauden arren, Goierri Eskola da Euskadi mailan SLM teknologia duen formakuntza zentro bakarra. Hauts kapen fusio selektiboan datza. Laser izpi batek kapa bakoitzean nahi den zatia urtzen du piezaren geometriaren arabera. Teknologia hau aproposa da tamaina txikiko edo ertaineko piezak sortzeko, doitasun handikoak direnak edota geometria oso konplexua dutenak. Izan ere, fabrikazio aditiboa oso baliagarria da modu azkar batean prototipoak edo pieza zailak edo bakarrak fabrikatzeko.
Hain justu, Goierri Eskolan aurkezpen jardunaldi bat egin dute Aitor Zuriarrain irakaslearen eskutik SLM teknologia erakusteko Hetel sarearen barruan dauden Lanbide Heziketako gainontzeko zentroei. Zortzi zentrotako ordezkariek hartu dute parte. Horietako bakoitzak teknologia jakin bat erabiltzen du eta arduradunak hilean behin elkartzen dira euren ezagutza partekatzeko eta abian dituzten proiektuen jarraipena egiteko.