Jesus Lizarazu: «Ez dago zaldi haragia jateko ohiturarik, baina oso ona da»
Jesus Lizarazuk (Urretxu, 1968) Ezkio, Itsaso, Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako talde onenaren saria irabazi du Zumarragako abere sariketan. Noiztik lan egiten duzue ganaduarekin Larreaga baserrian? Aspalditik. Behorrekin gure
Jesus Lizarazuk (Urretxu, 1968) Ezkio, Itsaso, Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako talde onenaren saria irabazi du Zumarragako abere sariketan.
Noiztik lan egiten duzue ganaduarekin Larreaga baserrian?
Aspalditik. Behorrekin gure aitona hasi zen. Ondoren aitak eta osabak lan egin zuten, egun ni aritzen naiz eta seme-alabei eta ilobei ere gustatzen zaie. Behiak ere eduki ditugu, baina behor zaleak izan gara beti, behi zaleak baino gehiago.
Zenbat buru dituzue?
Egun 35 bat buru ditugu. Ez gara oso handiak, baina daukaguna ona da. Asko eduki beharrean, ona edukitzea erabaki dugu. Euskal Herriko mendiko behorrak ditugu.
Haragitarako behorrak dituzue.
Hala da. Bolumen handiko behorrak dira, etxean edukitzeko.
Non saltzen dituzue?
Gehienbat Italian, baina Frantzian ere bai. Hemen apenas dago merkaturik. Gasteizen zaldi haragia saltzen zuen harategi bat zegoen, baina harakinak erretiroa hartu zuen. Iruñean beste bat dago.
Ez al dizu amorrua ematen hemen zaldi haragia ez jateak?
Jendeari zaldi haragia jateak atzera botatzen dio. Ez dago ohiturarik. Oso haragi ona da, ordea. Grasa osasuntsuagoa du, txahal haragiak baino burdin gehiago du, haurrentzat hobea da… Gainera, merkeagoa da, eskari txikia baitago. Bestalde, moxalak oso gauza ona du: hormonak ematen badizkiozu, akabatu egiten duzu. Hala, moxala erosten baduzu, badakizu ez dizkiotela hormonak eman. Zaldi haragi kontsumoa sustatzeko ahaleginak egin ditugu, baina ez dago jendearen ohitura aldatzeko modurik.
Beti haragitarako behorrak izan al dituzue?
Garai batean valentziarrek behor asko erosten zituzten hemen, laranjak biltzeko. Traktoreekin hasi zirenetik, ganadua erosteari utzi zioten. Behor horiek txikiagoak ziren. Haragitarako ganadua bolumen handiagokoa da. Izan ere, urtebetean bolumen eta pisu handia hartzea komeni da.
Zergatik gustatzen zaizkie italiarrei Euskal Herriko moxalak?
Han ez dute gizendutako moxalik. Hemengoa erostea merkeago ateratzen zaie.
Zuen etxean zaldi haragia jango duzue.
Noski. Digestioa oso erraz egiten da eta, beraz, adineko jendearentzat ere txahal haragia baino hobea da. Guk geuk jateko hazten baditugu, pentsa zein ondo hazten ditugun! Pentsu ona ematen diegu.
Seme-alabekin eta ilobekin batera jaso duzu saria. Pozgarria izango da familiaren tradizioari eusteko asmoa dutela ikustea.
Bai, bai… Ahal duten neurrian, baserriko lanetan laguntzen dute. Asko gustatzen zaie ganadu mundua.