Euskara teknikari eta EAJko legebiltzarkide zaldibiarra izendatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari. Mikel Irizar ormaiztegiarrak utzitako lekua hartu du.
Garbiñe Mendizabal Garmendia zaldibiarra da, atzoz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari berria. Euskara gaietako arduradun izendatu du Markel Olanoren exekutiboak, bigarren aldiz. 1991tik 1995era ere Euskara zuzendari izan baitzen. Beste goierritar baten lekua hartu du Mendizabalek, abenduaren 31n utzi baitzuen kargu hori Mikel Irizar ormaiztegiarrak.
Politikan ibilbide luzea du Mendizabalek, baita euskararen kudeaketan eta administrazioan ere. 56 urte ditu. Euskal Filologian lizentziaduna, Hiznet hizkuntza plangintzan graduondokoa egina da EHUn. Ordiziako Udaleko euskara teknikaria da lanbidez, politika-karguengatik utzita baldin badago ere.
Legebiltzarkide 2009tik
Gaur egun, Eusko Legebiltzarreko diputatu da Mendizabal, EAJ alderditik. Hirugarren legegintzaldia du parlamentuan, 2009ko apirilean hasi zenetik. aurrez, Euskararen Aholku Batzordeko kide zen 2007tik, eta organu horretako kide segi du. Zaldibiako Udalean zinegotzi izana da, bi agintalditan.
Mikel Irizar Intxaustik (Ormaiztegi, 1954), bere aldetik, ostiralean jakinarazi zuen Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari kargua 2017a amaitzean utziko zuela. «Indarra ahitu» zaiola esan du Interneten jarritako bideoan. 2015eko uztailaren 28an izendatu zuten zuzendari. Kutxatik 2011n jubilatu zen.
«Gizarte eragileekin izandako harreman intentsoa azpimarratu nahi dut. Bereziki eskertu nahi dut konplizitateak eraikitzeko eta elkarlanerako jarrera. Denon artean baldintzak sortzea lortu dugu euskararen biziberritze prozesuan jauzi bat emateko. Bide horretan datozen urteak are eta ederragoak izango dira», esan du Irizarrek agur mezuan.