Lide Erbina ordiziarra deitu du Espainiako rugby selekzioak
Lide Erbina Araña Ordizia Rugby Elkarteko jokalaria Espainiako selekzionatzaileak konbokatu du, datorren astean hilaren 8tik 12ra Seven taldeak izango duen kontzentrazioan parte hartzeko. Ondoren, XVarekin ere bilduko da. Bi kasuetan Madrilen.
Ostiralean, hilaren 12an deitutako 19 jokalarietatik 12 hautatuko ditu selekzionatzaileak, hilaren 21ean Australiara joateko, Sidney hirian 26tik 28ra izango den Women´s World Rugby Sevens Series-en jokatzeko. Ondoren, Brisbane hirian, munduko beste selekzioen kontra neurtuko dira urtarrilaren 30etik otsailaren 4ra Women’s Sevens Brisbane Tournament-en. Erbinak Australiara bidaiatuko ez balu, bigarren aukera izango du, XV-eko taldearekin lagun arteko partidua jokatzeko Eskoziaren aurka, Glasgowen.
Seven taldearekin jokatzeko Amaia Erbina ahizpa ere deituta dago. Amaiak nazioartean esperientzia bikaina du iada, jakina den bezala, eta Cisneros taldean dago gaur egun.