Valladoliden jokatuko du Ampo Ordiziak, ligako bigarrenaren aurka
Partida zaila du Ampo Ordiziak asteburuan, Silverstorm El Salvador ohorezko mailako bigarren sailkatuaren aurka ariko baita. Partida igandean jokatuko dute Valladolideko Pepe Rojo zelaian.
Hamahiru jardunalditan partida bakarra galdu du El Salvadorrek, eta hura, Quesos Entrepinares liderraren kontra izan zen. Juan Carlos Perezen taldea sendo ari da ligan; zelaian ondo kokatzen dira eta ez dute zulorik uzten. Joe Mamea, Walker-Fitton eta Hansie Graaff dira taldeko jokalari izarrak, baita Ordizian ezaguna duten Christian Rust ere.
Marotias eta Garmendiaren taldea itxaropentsu dago, baina kontzentrazio handiarekin atera beharko dute zelaira. Abenduan Alcobendasen erakutsitako joko maila ona mantendu nahi dute, eta punturen bat urratu, play-offetako lehian egon nahi badute. Taldeak dituen bajen artean, Asier Pazos eta Jaun Perez jokatu gabe geldituko dira, lesioengatik.