Oinezkoentzako igarobide berria inauguratu dute Ormaiztegin
Udaletxean Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lanaren harrera formala egin dute. Lurpera doazen kamioien emaria dela-eta, oinezkoen segurtasuna bermatu nahi duteAtzo, Ormaiztegiko udaletxean Antonenen oinezkoentzat egin duten bide alternatiboaren harre...
Udaletxean Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lanaren harrera formala egin dute. Lurpera doazen kamioien emaria dela-eta, oinezkoen segurtasuna bermatu nahi dute
Atzo, Ormaiztegiko udaletxean Antonenen oinezkoentzat egin duten bide alternatiboaren harrera formala egiteko hitzarmena sinatu zuten Jon Enrique alkateak eta Jose Ignazio Asensio Ingurumen foru diputatuak. «Lurpeko zabortegira doazen kamioien joan-etorriak areagotu dira eta, ondorioz, prebentzio neurri hau hartu dugu bereziki haurren eta oro har bizilagunen segurtasuna bermatzeko», azaldu zuen Asensiok. Bideko lanak amaituta daude eta aste honetan eskola zaharraren ondoko aisialdi gunean nagusiek soinketa egiteko gailuak jarriko dituzte.Bideak 315 metroko luzera du eta 3 metroko zabalera. Aurrekontua 113.974 eurokoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu du bere osotasunean.
Enrique alkateak atzoko ekitaldian adierazi zuenez, «Ormaiztegiko herriak oso ongi hartu du lan berri hau eta bizilagunek asko erabiltzen dute. Beraz, gure aurreikuspen guztiak bete dira».
Gaur-gaurkoz Mutiloako Lurpeko zabortegira joateko Ormaiztegitik egunean zenbat kamioi igarotzen diren galdetuta, Asensiok «20 inguru pasatzen dira» erantzun du. Azaldu du, bide batez, «Lurpekoa tratsiziozko egoera bat da, Zubietako erraustegiko lanak amaitu bitartean eramango da hara zaborra». Halaber, diputatuak martxan jarri berri duten lehiaketa baten berri eman zuen atzokoan: « Lurpek 100.000 tona errefus jaso ditzake eta Gipuzkoan 60.000 tona gehiago birsortzeko tokia behar dugu. Lehiaketa horrekin hondakinen kudeaketa hobetzea nahi dugu».
Lurpeko zabortegian sortu ahal diren usainei buruz, Asensiok ezin dituela ukatu esan zuen, «ez dut esango usainik ez dagoenik, baina arazo direnik ere ez. Edonola ere, gure helburua Zubietako erraustegia lehenbailehen amaitzea da». Urte eta erdi barru bukatuko dutela aurreikusi zuen Asensiok eta, behin hura martxan jarrita, «balorizazio energetikoko planta errealitate bihurtzen denean hondakinak ez dira ez zabortegi honetara ez besteren batera ere garraiatu beharko».
Antoneneko eremua
Atzoko agerraldian hala Enriquek nola Asensiok Ormaiztegin egindako bidea lan txikia izanda ere, «garrantzitsua» dela nabarmendu zuten. Areago, etorkizunean Antoneneko eremuan etxebizitzak egiteko asmoa dago eta egin duten bideak aurrerago bide nagusia izan daitekeenaren espaloi baten plana eta sestra errespetatzen ditu.
Igarobide berrian udalerrian dagoenari segida ematen dion argiteria jarri dute, zeharkaldi osoan zortzi luminaria jarri dituzte bidea argitu ditzaten.













