Laburbira egitasmoaren aurtengo lehen emanaldia da. Saioa 21:15ean hasiko da, Areria antzokian. Sarrerak 2 euroan jarriko dituzte salgai.
Euskarazko 8 film labur proiektatuko dituzte bihar gauean Lazkaoko Areria aretoan, 21:15ean hasita. XV. Laburbira da aurtengoa eta estreinaldia bihar izango badu ere, hilabetez beteko ditu Euskal Herriko hainbat areto, martxoaren 28ra arte.
29 herritan izango dira zortzi piezen emisioak. Antolatzaileek adierazi dutenez, sentsazioz jositako lanak dira laburrak, publikoari gozarazteko emozio karga bat eskaintzen dutenak.
Lazkaoko saiorako sarrerak 2 euroan izango dira lehiatilan ekitaldiaren aurretik. Aipatu 77 minuko saioa izango dela, Euskal Herrian eta euskaraz eginiko ikus-entzunezko hauen iraupena.
Ordizian atzerapenarekin
Ez da Lazkao izango Laburbirak zapalduko duen Goierriko herri bakarra. Ordizian ere gaur ziren lanak eskaintzekoak, baina agenda arazoak tarteko martxoaren 7ra atzeratu dute saioa.
Euskal Herriko hainbat txokotan izango da aurtengo edizioa. 2017an bezala, ordea, euskaldunen artean ez ezik, munduan zehar ere proiektatuko dira labur hauek. Valentzian emanaldi berezi bat eskaintzeaz gain, esaterako, martxoan, Londres eta Paris ere zapalduko ditu.
Aurtengo zortzi fimak
Gai anitzak lantzen dituzte Labubirako filmek. Normalean zine komertzialetik at dauden estiloak jorratzen dituzte lan hauek, Euskal Herrian eremu hori idartzeko asmoz.Lehenengo proiektatuko den laburra Koldo Carranza donostiarraren Ilunpetan da. Drama erromantiko bat da, non protagonistak neska batengan pentsatzen duen, eta bere sentimena erabaki beharko duen.
Night shift izango da ikusiko den bigarren laburra, Izaskun Arandiarena. Labur horretako protagonista gauez aritzen den garbitzailea da, eta inoiz izan gabeko gela batera sartzen da, aktore baren kamerinora.
Hirugarren lana, Amaia Otaolak eta Oihane Zunzunegik eskainiko duten Higadurak izango da, laburmetrai esperimental bezala deskribatu dutena.
Ondoren Ejecutor emango da, Javi Arriagak zuzendua. 1999az geroztik dabil ikus-entzunezkoen munduan Arrriaga, eta bere azken lana aurkeztuko du.
Jarraian bi talderen lanak datoz. Lehenik eta behin UDA films-ek ekoitzi duen Tazan, eta ondoren Atxur taldeak eginiko Areka.
Oier Fuentes arrasatearrak hartuko du lekukoa gero. Kreba izeneko laburrak zaintzari buruzko hausnarketa proposatzen die ikusleei.
Azkenik Zulo laburra izango da pantailan, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañagaren eskutik.