Otordu eta ikuskizun ugari antolatu dituzte astearterako baserritarrek. Ataunen gazta dastaketa eta azoka egingo da. Seguran ardo partiketa. Herri askotan egingo da festa
Asteartean ospatuko dute Goierriko baserritarrek euren eguna, San Isidroren izenekoa. Herri askotan bazkari-afariak izango dituzte nekazariek. Bakan batzuetan, egitarau sendoagoa ere prestatu dute.
ATAUNEN, AZOKA
San Martin auzoan egokitu da aurten baserritarren azoka egitea. Asteartean 11:00etan irekiko dute. Herriko gaztak dastatzeko aukera egongo da, eta barazki, ziza eta landare erakusketak jarriko dituzte. Nahi duenak salpostua ere jar dezake.
Aritz Ganboa de Miguel Arruazuko artzainarekin hitzaldi-solasaldia egingo dute, 12:00etan,
Ekoizpen ekologikoaren bideaz hausnartzen gaiaz. 13:45ean, baserritarrei lanaren aitortza egingo diete. Bazkaria Aizkoate elkartean dute (14:00). Izena gaur eguerdirako eman behar da, udaletxean (20 euro). Santi eta Katxo trikitilariek alaituko dute.
GABIRIAN IDI DEMA
Gabiriarrek bi tokitan ospatuko dute San Isidro, asteartean. Nekazariek Ostatuan dute bazkaria, 13:30ean. Bertara deitu behar da izena emateko (35 euro).
Korta jatetxean, idi apustua izango da, 12:30ean. Errezilgo Leteko Joxe Angel eta Patxi Uzkudun bikien idi parea eta Kortako Jose Inazio Soraluzerena ariko dira. 300 euro dituzte jokoan. Biak ala biak inoiz plazara atera gabekoak dira; sei urte dituzte Letekoenek, zazpi Kortarenek.
GAINTZAN HERRI AFARIA
Gaintzako baserritarrek ere asteartean egingo dute festatxoa. 20:00etan meza izango dute, eta ondoren herri afaria Kale-Txiki jatetxean. Izena emateko azken eguna gaur da, goizean udaletxera (943 88 95 64) edo tabernara bertara (943 88 62 43) hots eginda. 24 euro kostako da.
LAZKAON, LARTXAIN
Lazkaomendin elkartuko dira Lazkaoko nekazariak, zaindariaren egunean. 20:00etan meza emango da auzoko San Joan Anteportalatina ermitan. Ondoren, afaria Lartxai nekazari elkartean izango da. Izena emateko azken eguna igandea da, elkartean jarrita dagoen orrian idatzita.
MUTILOAN BAZKARIA
Mutiloarrek eguerdian ospatuko dute festa. Ostatuan bazkaria egingo dute. Aurretik, meza emango dute elizan, baserritarren omenez eta izenean.
SEGURAN ARDO PARTIKETA
Kirolak eta ardo partiketak egingo dituzte Seguran, asteartean. 18:00etan, Frontoi Zaharrean eskuz binaka hiru partida izango dira: Luken-Aimar eta Julen-Mikel; Ekaitz-Mikel eta Harri-Inhar; eta Miren Larrarte-Maddi Mendizabal eta Maider Mendizabal-Miriam Arrillaga.
Errebotean bolatea egongo da, 18:30ean. Eskola-umeak, 13-18 urte artekoak, helduak eta federatuak bereiziko dituzte. Ardo partiketa 19:30ean izango da. Imanol, Unai eta Iñigo trikitilariek girotuko dute. Herri afaria egingo dute, eguna bukatzeko.
ZALDIBIAN BAZKARIA
Zaldibiako Zelaa jatetxean bilduko dira baserritarrak, asteartean 14:00etan, bazkaritarako. Txartelak Beti-Gazten, Illatin eta Zelaan daude salgai (25 euro). Igandean erretiratuko dituzte.
ZERAINEN, IGANDEAN JAIA
San Isidro bazkaria igandean egingo dute zeraindarrek, eliz atarian, 14:00etan. Herriko arkumea eta oilasko-hegalak erreko dituzte. Txartela behar da.