Zegama, seguruagoa
Aldundiak Zegamako sarrerako errepidea zabaldu eta berritu, eta industrialdetik herrigunera bidegorria egin du. Luzera 780 metrokoa da eta 1.160.000 euroko inbertsioa egin duteGipuzkoako Foru Aldundiak Zegamako sarrerako errepidea hobetu du eta industr...
Aldundiak Zegamako sarrerako errepidea zabaldu eta berritu, eta industrialdetik herrigunera bidegorria egin du. Luzera 780 metrokoa da eta 1.160.000 euroko inbertsioa egin dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zegamako sarrerako errepidea hobetu du eta industrialdetik herrira bidegorria egin du. Hala, Zegamatik Idiazabaleraino bidegorritik joan daiteke.Errepidea zabaldu egin dute errei bakoitzak hiru metroko zabalera du eta bidegorriak ere hiru metroko zabalera du. Aldundiak 1.160.000 euroko inbertsioa egin du. Obra iazko uztailean esleitu zen eta sei hilabeteko epean egitea espero zuten, baina beranduago bukatu dute, eguraldi txarra dela eta. Berritutako errepide zatiaren eta bidegorriaren luzera 780 metrokoa da.
Bidegorria errepidearen alde batetik iristen da Ondaralde industrialdera eta Zegaman beste aldean amaitzen da, han baitago espaloia. Hori dela eta, Barbariko bidegurutzetik gertu errepidea zeharkatu beharra dago. Toki horretan oinezkoentzako pasabide bat jarri dute eta autoen abiadura orduko 40 kilometrora mugatu dute.
Diputatuaren bisita
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Zegama bisitatu zuen ostiralean. «Guretzat pozgarriena jendea pozik dagoela da. Luxuzko obra da. Baserrien sarrerak hobetu ditugu eta oinezkoek arriskurik gabe ibiltzeko aukera dute. Argi gehiago jarri behar dugu. 1.160.000 euroko inbertsioa egin dugu. Gipuzkoako toki gutxitan egin ditugu halako inbertsioak».
Joseba Izagirre alkateak eskerrak eman zizkion aldundiari. «Auzo honen izena Kaleko da eta obra honi esker herrigunetik gertuago dago. Gainera, bidegorriak herrigunea industrialdearekin lotzen du. Oso jende gutxik du lanera oinez joateko aukera, eta obra honi esker, orain arte baino zegamar gehiago dira hori esan dezaketenak. Zegamarron bizi kalitatea asko hobetu da. Gure eskaera nagusia zen eta gure ametsa bete dugu», nabarmendu zuen.













