Bihar egingo da Aizkorri elkarteak bi urtean behin antolatzen duen lehiakortasunik gabeko 52 kilometroko mendi martxa luzea. 8-16 urte bitartekoen ibilaldiak 16,8 km ditu

Aizkorri Mendizale Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen Aizkorriko Bira eta Gazteen Bira Aizkorrira Begira mendi martxak egingo dituzte bihar. Aurten, lehenengo aldiz, larunbatean egingo dituzte. 100 laguntzailetik gora bilduko dira elastiko arrosa jantzita, Aizkorriko Biran parte hartuko dutenek «ibilbidea eroso eta atsegina aurkitu dezaten». Lehiakortasunik gabeko mendi martxa luzea da Aizkorriko Bira; oinez ibilita, mendiaz gozatzeko helburuarekin sortu zen 2002an. 2008tik aurrera Tomas Salazar izena hartu zuen birak, elkarteko bazkide eta mendizaletasunaren sustatzean partaide aktiboa izandakoarena.
Bederatzigarren edizioa du aurtengo Tomas Salazar Aizkorriko Birak. Aizkorri Mendi Elkarteak Jose Martin Arana kalean duen egoitza paretik abiatuko dira 200 mendizale inguru, 06:00etan. Aizkorriko tontorrera arteko joan-etorria egin beharko dute; guztira, 52 kilometro eta 2.000 metroko desnibela. Beasaindik atera, eta Olaberritik eta Idiazabalgo mendietatik barrena Etzegarateraino joango dira mendizaleak, Zegamako mendietatik Aizkorrira iritsi arte. Itzuleran Zeraingo, Segurako eta Ormaiztegiko lurretatik barrena egingo dute. Ibilbidean hamar puntutan kontrol postuak egongo dira eta horietako zazpiretan, janaria eta edaria eskainiko diete mendizaleei. 20:00ak arte egongo da helmuga zabalik.
2004. urteaz geroztik, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Iraupen Luzeko Ibilaldien zirkuituan sartzen da Aizkorriko Bira. Oraindik izena eman daiteke posta elektronikoz
TSAizkorrikobira@gmail.com helbidera mezua bidalita,
http://www.tomasaizkorrikobira.com eta
www.zirkuitua.com orrialdean bidez, edo egunean bertan, 05:30etik aurrera. Egunean bertan 15 euro ordaindu beharko da eta aurreko egunetan, 12 euro. Federatuta ez daudenek, 3 euroko gehigarria ordaindu beharko dute aseguruarentzat.
Gazteen Bira eta Marrazki lehiaketa
Gaztetxoen artean mendizaletasuna bultzatzeko helburuarekin, 8 eta 16 urte bitarteko haurrentzat eta gazteentzat, Gazteen Bira Aizkorrira Begira antolatzen hasi ziren 2014an. 16,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Bihar, 08:00- etan Beasaingo Bideluze plazatik abiatuta, Olaberrira joango dira mendizaleak eta Etzegaratera igo gabe, Idiazabala jaitsiko dira Intxustiko iturritik. Idiazabaldik berriz Urbizura igo eta Aizkorriko Birako parte hartzaileekin batera egingo dituzte azkeneko 5 kilometroak.
Mendizaletasunaz gain, marrazketa ere Tomas Salazarren zaletasuna da, besteak beste, berak eskuz egindakoak dira Aizkorriko Birako eta Gazteen Birako mapak ere Honela, 7 eta 16 urte bitartekoentzat II. Mendi marrazki eta pintura lehiaketa antolatu dute aurten ere. Bi mailatan banatu dute lehiaketa: 7-11 urtekoena eta 12-16 urtekoena. 300 lan jaso dituzte eta bihar egingo dute sari banaketa ekitaldia, 13:00etan,?Aizkorri mendi elkartearen egoitza parean.