Urteko azken txistua
Lazkao Kirol Elkarteak etzi egingo du 2017-2018 denboraldiaren agur afaria, plazan. Zazpi talde federatu lehiatu dira; jokalariak sarituko dituzte. Lehen taldearen igoera ere ospatuko dute
Lazkao Kirol Elkarteak ostiralean egingo du 2017-18 denboraldiaren bukaerako festatxoa. Ohi bezala, plazako frontoian elkartu, eta elkarteko kirolari, entrenatzaile eta zuzendaritzako arduradunek afaria egingo dute. Denera, 150 bat lagun biltzeko kalkulua daukate.
Afariaren ondoren, zenbait jokalariri sariak emateko aukera ere balia dezakete, denboraldian egindako lanagatik edo nabarmendu diren arloengatik.
Futbol federatuaren esparruan, denboraldia asteburuan bukatu dute Lazkao Kirol Elkartekoek. Infantil Txiki mailako taldea izan da azkena jokatzen amaitzen.
2017-2018 denboraldian, zazpi talde izan ditu Lazkao K.E.-k, Gipuzkoako futbol ligetan: Infantil Txikia, Ohorezko Infantila, 1. Mailako Kadetea, Ohorezko Kadetea, 1. Mailako Jubenila, Ohorezko Jubenila eta 1. Mailako Erregionala.
Mailaz igo da lehen taldea
Seniorretako talde bakarra dauka gaur egun Lazkaok, eta mailaz igotzea lortu du. Lehen Erregionalean aritu den taldeak liga irabazi du, eta zuzenean lortu du Erregional Preferentera igotzea. Kirol elkarteak ekainaren bukaeran egingo du urteko batzar nagusia, eta han onduko dituzte balorazioak, tartean kirol jardunarena.
Besteak beste, zuzendaritza batzordera kide berriak sartuko dira, klubak lehengo hilean egin zuen deialdiaren ondoren. Lehendik urte asko daramaten batzuek zeregina utziko dute, eta «erreleboa» gauzatuko dute. Ardura banaketak orain dira egitekoak, kide berrien artean.
Lazkao Kirol Elkarteak ia 200 jokalari ditu, bere egituran. Futbol Eskola ere badu, alebinen eta benjaminen bina taldetan antolatuta. Emakumezkoen futbola, berriz, Goierri Gorri klubera bideratua du, Beasainekin eta Ordizia sartu berriarekin. Goierri Gorrik 240 jokalari ditu; bazkaria jaian izan zuten, Ordizian.













