Jaiak aitzakiarik gabe Olaberrian
Agindutakoa kunplitu dute Olaberriko jaiek. Haurrentzat gozamena, helduentzat herri jatordu goxoak, su ikuskizunak, kirola askotarikoa eta uda giro bikaina eskaini dituzte, hiru egunean.Luzamendu alferrikakoetan ibili gabe, egutegiaren arabera atonduta...
Agindutakoa kunplitu dute Olaberriko jaiek. Haurrentzat gozamena, helduentzat herri jatordu goxoak, su ikuskizunak, kirola askotarikoa eta uda giro bikaina eskaini dituzte, hiru egunean.
Luzamendu alferrikakoetan ibili gabe, egutegiaren arabera atondutako jaiek eman dute berea, Olaberrian. Ostiralean haurren egunarekin hasi ziren, eta herenegun San Joan zaindariarekin bukatu. Bien bitartean, herri mailako ekitaldi sorta oparoa izan da. Kirol hitzordu asko, tartean. Gipuzkoako Itzuliko 1. etapa lekuko: Xabier Berasategi (Ampo) herritarrak irabazi zuen, larunbat eguerdian.Haurrek, hiruko saskibaloi txapelketa izan zuten, ostiralean 29 partidatxo jokatu zituzten, hamarna minutukoak. 18 talde osatu zituzten, hiruna jokalarikoak. Hiru mailatan bereizita jokatu zuten.
Festak gaitzat hartuta, marrazki lehiaketa ere ostiralean bukatu zen, sariak emanda. Hiru urtetik 12ra artekoek parte hartu dute, eta lau sari eman ditu udalak: Izaro Jimenez eta Xanet Aranburu (3-5 urte artekoetan), Josu Soberon eta Islara Munduate (6-8 urte), Lorea Jimenez eta Sara Moreno (9-10) eta Josu Maiza eta Igor Gomez (11-12).
Hiru egunetan, jendea parrillako janariak eta edariak erakarri dute. Arkume txuletatxoak prestatu zituzten ostiralean, oilaskoa larunbatean, eta sagardoa txorizoarekin igandean.
Krosa eta pilota
Haurren krosa berreskuratu dute, aurten. Herri kaskoan ibili ziren lasterka. Adin mailaka bereizita, Jon Naldaiz, Bingen Zubiarrain eta Telmo Sese izan ziren larrienetan irabazleak (10-12 urte). Hurrengo koskan Mara Naldaiz, Aritz Maiora eta Unai Gomez (7-9); eta txikienetan Eneko Agirre, Iraia Roman eta Izar Arrieta (4-6).
Herriko pilota txapelketa, haurren artean, Markel Amoztegik eta Aingeru Perezek irabazi dute, eta txapeldunorde Jon Naldaiz eta Eki Munduate dira.













