La Salle, Andraitz eta Ilintxa bat eginda, kirol festa handia ospatzeko
Legazpiko hiru kirol klub handienek elkarrekin ospatu zuten denboraldi amaiera larunbatean. Plazan elkartu ziren guztiak taldeko argazkia ateratzeko, eta bazkariak egin zituzten ondoren, klub bakoitzak bere aldetik.
Aurten ere elkarrekin ospatu dute Legazpiko kirol klub handienek denboraldi amaiera. Larunbatean, Ilintxa elkarteko futbolariak, La Salle klubeko eskubaloi jokalariak eta Andraitz klubeko saskibaloi jokalariak plazan elkartu ziren eguerdian, taldeko argazkiak ateratzeko, eta egun osoko festari hasiera emateko.
Kirol klub bakoitzak bere taldeko argazkia atera zuen lehenik jokalariak, entrenatzaileak eta zuzendaritzakoak elkartuta, eta ondoren, hiru klubetako kide guztiek bat egin zuten ohiko familia argazkia ateratzeko. Poteoa egin zuten gero denak batera erdigunean.
Ondoren, bazkariak egin zituzten, klub bakoitzak bere aldetik, eta arratsaldean, asko eta asko berriz elkartu ziren kalean, festa eguna goizaldera arte luzatzeko.













