Xabier Arrese beasaindarrak Kangunea irekiko du Arriarango elizaren ondoko lur sailean. Hamasei txakurrentzako hotela egokitu du. Txakurren heziketan ere lan egingo du

Xabier Arresek bere ametsa bete du: txakurrentzako gune bat irekitzea. Arriaranen, elizaren ondoko lur sailean, Kangunea izeneko eremua irekitzeko azkeneko lanetan ari da beasaindarra. Arreseren esanetan, bere txakurrarekin bat eginda iritsi da honaino: «Bulldog ingles bat izan da honaino ekarri nauena. Oso burugogorra naiz eta bulldogak ere oso burugogorrak dira. Hezteko eta jolasak erakusteko bulldogak ez dira errazenak, baina niri buruan sartu zitzaidan heziketako ibilbide osoa egin nahi nuela hauekin eta ibilbide guztia bi bulldog inglesekin egin dut. Zenbat eta gauza eta jolas gehiago egin txakurrarekin, orduan eta lotura handiagoa sortzen da». Arreseren arabera, «titulazioak lortzeko erakutsi behar duzu txakurrari erakutsi dizkiozula gauza batzuk».
Hotela

Hiru gunetan banatu du Kangunea. Batetik, hamasei txakurrentzako erresidentzia edo hotela egokitu du, berrerabilitako edukiontzi handiekin; lotarako lekua eta terrazarekin. «Oporretara edo asteburu pasa doazela, txakurra Kangunera ekar dezakete. Nire bete beharra izango da, janaria emateaz gain, txakurra egunean hiru aldiz ateratzea, paseatzea eta jolastea».
Bigarren eremuan, Arreseren beraren etxebizitza dago: «Hotela edukita beharrezkoa da 24 orduan goarda bat egotea».
Heziketarako gunea
Hirugarren gunea heziketarako izango da. «Txakurrari lagundu diezaiokegu bere jokaera okerrak aldatzen eta batez ere jokaera txar horien arrazoiak tratatzen». Oinarrizko heziketa eta heziketa aurreratua, trukuak eta abilidadeak… eskainiko ditu.