Ibilaldi mitologikoa egin dute Ataunen, Jon Aizpuruak gidatuta. Bihar, Euskal Herriko mitoen eta ipuin zaharren kontaketa antzeztua egingo dute Barandiaran Museoan.
Barandiaran Museoak eta Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta, bigarren Mitoaldia ospatzen ari dira egunotan Ataunen. Gaur goizean, Jon Aizpuruak gidatutako ibilaldi mitologikoa egingo dute San Martingo plazatik abiatuta. Jentilen eta kristauen arteko harremanez hitz egin dute bertan, kondairen barrena bidaiatuz.
San Martingo elizaren inguruko istorioa izan da lehenengo adibidea. Aizpuruaren esanetan, “San Martingo eliza jentilek egin zutela esaten da. Istorioaren arabera, kristauek erabaki zutela eliza egitea eta jentilei laguntza eskatu zietela. Kristauek orain hilerria dagoen gune horretan egitea nahi omen zuten, Mendiola lekuan. Kristauek egunez egiten zutena, jentilek gauez gurdiekin harriak erreka ondora ekartzen zituztela. Eguna joan eta eguna etorri ibili ziren”.
Orduan ere “espiak” izaten omen ziren; kasu hartan, Zaindi etxeko atsoa. “Jentilak beraien gurdiekin ari omen ziren harriak behera jaisten eta jentiletako bat konturatu omen zen leihotik begira zegeola Zaindi etxeko atsoa. Orduko esaunda da, nola jentil horrek leihotik erretiratzeko esan ziola eta ez ziola kasurik egin. Orduan jentilek esan zuela:
aida zuri, aida gorri! –idi pareari–
begira dagoen andre horri, atera iezaizue ezkerreko begia. Akuilua sartu omen zion begian eta begirik gabe utzi zuen. Handik aurrera, kristauek erabaki zutela, jentilek esandako tokian eliza egitea”.
Beste ipuin batean, harriak eskuz esku pasatzen dituztela ere esaten da. “Jentilak irudikatzen ditugu, gizaki handiak eta indartsuak zirela. Nahiz eta Barandiaranek trikuharrietan aurkitutako jentilen aztarnarik handienak, 1,70eko gizakienak izan. Atapuercak dezente handiagoak azaldu ziren”. Azkenik, kondairaren arabera, “kanpai handia, jentil horietako batek txapel modura jarrita ekarri zuen”.
Bihar, mito eta ipuin zaharren kontaketa antzeztua
Mitoaldiarekin jarraituz, bihar, Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren kontaketa antzeztua egingo dute Marimundukoek, 11:00etan eta 12:30ean, Barandiaran Museoan.