Herriko zaindariaren eguna, gaur
Santa Ana eguna ospatuko dute gaur Ordizian. Eguerdian Irungo bandaren emanaldia eta arratsaldean pilota partida profesionalak izango dira
Badoaz aurrera poliki-poliki Ordiziako Santa Ana festak. Jendea festa gogoarekin dago eta ekitaldi guztietara herritar ugari gerturatzen ari da. Atzoko ekitaldien artean nabarmentzekoa txirrindularitza klasikoa izan bazen ere, izan zituzten beste hainbat gauza ere: buruhandi eta erraldoien kalejirak, errondailaren emanaldia eta txikienek, barrakez gozatzeko aukera izan zuten Bizkaia pasealekuan, besteak beste. Gaur, berriz, herriko zaindariaren eguna ospatuko dute, Santa Ana eguna baita, eta egitarau bete-betea izango dute. Tartean, Ordiziako historian tradizio handia duten hainbat ekitaldi.
Agintariak dantzan
Meza nagusiaren ondoren, herriko zaindaria elizatik aterako dute eta herrigunean prozesioa egingo dute, gaurko egunez ohiko den bezala. Jarraian, udal agintariek soka-dantza dantzatuko dute Plaza Nagusian. Jose Miguel Santamaria alkateak eta udal korporazioa osatzen duten zinegotziek, plazan bildutako herritarren aurrean egingo dute dantza. Hilabete pasa dute udal agintariek, egun honetarako koreografiak prestatzen. Desafioak, Alpargata, Arin-arina, Fandango, eta beste hainbat dantzatuko ditzute.
Soka-dantzan, zinegotzi bakoitzak, bikote bezala herritar bat ateratzen du plazara eta horiei dantzatzen diete. Esanahi handia duen ekitaldia da; euren zerbitzura daudela adierazten diete soka-dantzarekin.
Bestelako ekitaldiak
Agintarien soka-dantzaz gain, bada gaurko egunez tradizio handia duen beste ekitaldi bat. Izan ere, Irungo musika bandak kontzertua eskainiko du Plaza Nagusian. Garikoitz Munduateren gidaritzapean, abesti sorta polita prestatu dute Ordiziari eta bere musika egileei eskaintzeko. Guztira, hamaika kanta joko dituzte: La Sirene, Ordizia, El Albero de Ordizia eta Ordiziako Asto Kalean izango dira gaur kontzertuan eskainiko dituzten abestietako batzuk.
Pilota arratsaldean
Gaurko egunean herritarren artean interes handia pizten duen beste ekitaldietako bat, pilotari profesionalen partidak dira. Beti Alai pilotalekuan izango dira. Binaka arituko dira. Lehenik, Mendizabalek eta Ruizek, Jaunarenaren eta Ugalderen aurka jokatuko dute. Jarraian, Irribarriak eta Albisuk, Altunaren eta Martijaren aurka. Partidak, 18:00etan hasiko dira.
Ai Laket
Azken urteotan egin duten moduan, udalak, festa giroan drogen kontsumoaren arriskuak murrizte aldera, Ai Laket elkartekoen laguntza izango du aurtengo Santa Anetan ere. Hori horrela, gaur, iluntzeko 22:00etan hasita eta goizaldeko 02:00ak arte, Testing izeneko programa eskainiko da. Programa hau Ai Laket! elkarteak gauzatuko du eta karpa Zuhaiztin egongo da. Bertara, nahi duen oro gerturatu daiteke.



















