San Joan Txiki eguna ospatuko dute gaur olaberritarrek
San Joan jaien errepika gaur izango dute Olaberrian. Abuztuko San Joan Txiki eguna ospatuko dute, goizetik gauera bitarteko egitarauarekin. 11:00etan meza izango da aurrena, eta 12:00etan otamena ondoren, udalak eskainia.Arratsaldean haurrentzat gozaga...
San Joan jaien errepika gaur izango dute Olaberrian. Abuztuko San Joan Txiki eguna ospatuko dute, goizetik gauera bitarteko egitarauarekin. 11:00etan meza izango da aurrena, eta 12:00etan otamena ondoren, udalak eskainia.
Arratsaldean haurrentzat gozagarriak izango dira, gehien bat. 15:00etatik 19:00etara jolas parkea jarriko diete, puzgarriekin eta jokoekin, eta 19:00etan apar festa izango dute, freskatzeko estimu handiko ekimena.
Pilota partidak ere jokatuko dituzte gazteek, 18:00etan. Etxezarreta-Naldaiz eta Garrido-Telleria ariko dira lehenbizi, kadete mailakoak. Jarraian afizionatuak, Azketa olaberritarra eta Garmendia beasaindarra bikote batean, Labaka asteasuarra eta Azpitarte hernaniarra bestean.
Hegaluzea eta musika
Iluntzerako, festa giroa plazara itzuliko da. Segan musika taldeak bi saio egingo ditu, afal aurrea girotzeko lehendabizi, eta 21:30etik 00:30era gero dantzaldia girotzeko. Erromeria taldea da Segan, eta herririk herri ibiltzen da. Egan talde historikoaren «moldea» dute oinarrian, eta haren jarraipentzat dute beren burua. Izena ere hortik jarri diote: S(egida)egan. Zaldibiako Izan Kantuz 24 orduko etengabeko erronkan aritu zen Seganeko abeslari bikotea, iaz.
Herri afarirako (20:30), ohiturari eutsiz, hegaluzea eta Gernikako piper berdeak aterako dituzte jateko. Edateko, sagardoa.













