Ostiraletik igandera euskal liburu, disko eta jostailu azokak egingo dituzte Goierriko bost herrietan 'Azokak batzen gaitu' lelopean. Produktuek %15eko beherapena izango dute
Durangoko Azokaren hurrengo asteburua berezia izaten da Goierrin; Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Seguran, euskal literaturaren eta musikaren azkeneko berrikuntzak erosteko aukera izaten baita. Ohi denez, bost herri horietako udalaren laguntzarekin, liburuak eta diskoak % 15 merkeago erosteko aukera izango da.
Azokak batzen gaitu goiburupean, Beasainen, Mirentxu liburu dendan egin dute aurtengo azoken aurkezpena, Xabier Matarranz Kultur zinegotziaren esanetan, «egiten duen lana eskertzeko».
ATAUN
Atauni dagokionean, aurten San Gregorioko elkargunea izango da azoka lekua. XIII. azoka izango da eta Aitor Aldasorok aurreratu duenez, azokaz gain, herriko eta Goierriko kultur sortzaileen lanak bertatik bertara eza- gutzeko aukera izango da asteburuan. Jenny eta Sandra herritarrek egindako eskulanak ere salgai izango dira.
Bestalde, «joko txiki» bat proposatu dute aurten ere, Twitter bidez
#ataunipuinak traola erabilita, kontakizun eta ipuin txikiak egiteko gaitasuna zabaltzeko helburuarekin. Azoka apaintzeko lagunduko duten istori- otxo txikiak jaso nahi dituzte. Parte hartzaile guztien artean, abenduaren 15ean, azokan bertan gastatzeko 20 euroko bale bat zozkatuko dute.
BEASAIN
Beasainen, Gernika pasealekuko karpan jarriko dute liburu eta disko eskaintza. Orain arteko azokak AEK euskaltegiak antolatu izan baditu ere, 29.a udalak antolatu du, Mirentxu liburu dendaren laguntzarekin. Udalak orain artean AEK-k egindako lana eskertu du. Aurten, azokaren zaintzak eta txandak Goierri Gorri, Beasain KE eta BKL taldeetako jokalari gazteek egingo dituzte.
LAZKAO
Lazkaon, aste guztian ari dira Goierriko sortzaileen uzta aurkezten Gerriko liburu dendan, eta ostiraletik igandera bitartean egingo dute 30. euskal liburu eta disko azoka. Emakumeen gaia lantzen duten, ikuspegi feministatik idatziak dauden edota parekidetasuna helburu duten hainbat liburu inguratzen saiatu dira Lazkaon eta mahai batean, zapi morearen gainean, erraz ikusteko moduan jarriko dituzte.
Ataundarren ideia «kopiatuta», mikroipuin lehiaketa ere antolatu dute aurten Lazkaon. Twit batean kabitzen den neurriko kontaketa laburrak bilduko dituzte. Joxepa Madariagaren esanetan, «ea Ataunen sortutako ideiarekin, Lazkaora zabaldu duguna, beste herriek ere bat egiten duten. Jendea euskaraz idazten, sortzen, jartzeko».
San Benito Ikastolako Batxilergoko 1. mailako ikasleak izango dituzte laguntzaile eta giro hotzari aurre egiteko salda, txokolate beroa, pintxoak eta gaztaina erreak izango dira aukeran. Bestalde, Rwandarako dirua lortzeko, bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia ere jarriko du ikastolak.
ORDIZIA
Ordizian, Filipineta kaleko 2. zenbakian (Zuhaiztian, Labealde okindegiaren ondoan) jarriko du liburu azoka Hitzarok. Ostiralean, 17:00etan, irekiko dute azoka, dantzarien saioak lagunduta.
SEGURA
Seguran 12. azoka osatuko dute Botika Xaharrean, Hitz eta Irri Euskara Elkarteak, Elorri Elkarteak, Herri Eskolako guraso elkarteak eta Gazte Taldeak. Larunbat eta igande eguerdian salda beroa hartzeko aukera izango da azokan.
Bestalde, Aitor Montes segurar biologoak, basabizitza argazkilariak eta
Goierri Basatia blogaren idazleak, Euskal Herrian ateratako hegazti espezie ezberdinen argazkiak bildu eta 2019ko egutegia osatu du. Hilabete bakoitzean Euskal Herriko bazter ezberdinetan topa daitezkeen hegazti espezie ezberdinak ikusi ahalko dira bertan, deskribapen labur batekin. 10 euro balio du egutegiak eta larunbatean Segurako azokan salgai izango da, %15eko beherapenarekin.