Aittu euskara taldea sortu da, herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko
Elkartea 64 beasaindarren babesarekin jaio da; datozen egunetan txikimendu gehiago lortzea aurreikusten dute. 2020an egingo den bigarren Euskaraldia antolatzea ere bada taldearen egitekoa.
Aittu euskara taldea jaio da, beasaindarren hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Pasa den ostegunean, udaletxeko batzar aretoan 30 bat beasaindar elkartu baziren ere, dagoeneko Beasaingo arlo eta adin guztietako 64 herritarren babesa du euskara talde sortu berriak. Ondorengo egunetan, gainera, herritar gehiagoren atxikimendua eta auzolanerako konpromisoa jasotzea espero dute, «taldeak ateak zabal-zabalik baititu beasaindar guztientzat».
Joan den azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herriko 400 herrietan egin zen Euskaraldiaren harira sortu da Aittu euskara taldea. Euskaraldia euskara ulertzen duten herritarren arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena da, eta Beasainen 2.500 herritarrek parte hartu zuten –Euskal Herri osoan 225.000 lagunek–. Honela, Beasainen Euskaraldia antolatzen aritu zen taldeak 11 egun haietan sortu zen dinamikarekin aurrera egin nahi du eta horretarako, elkarlanerako eta auzolanerako egitura bat sortzeko beharra ikusi du: euskara talde bat. Gainera, 2020ko udazkenean Euskaraldiaren bigarren edizioa izango da, eta berau prestatzeko talde sendoagoa behar dela ikusi dute. Hortik etorri da Aittu euskara taldearen sorrera.
Bigarren Euskaraldia
Bigarren Euskaraldiak norbanakoez gain, entitateak (elkarteak, enpresak, eragileak) izango ditu ardatz. Aittuko kideek aurreratu dutenez, «Bigarren Euskaraldia 2020ko udazkenean izango bada ere, antolakuntza lanak aurtengo udaberrian hasiko dira eta Aittu euskara taldeak lan horiei heltzeko ardura hartuko du».