Zuzendaritza Bartzorde berriko kideak aurkeztu ditu Ordizian elkarteak
Larratxa libur dendako Ekain Mendizabal izango da lehendakari berria. Une honetan 80tik gora bazkide ditu Ordizian elkarteak. Ordiziako Udalarekin hitzarmen berria sinatuko dute laster
Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak zuzendaritza batzordea berritu du, aurreko batzordeek egindako lan onari jarraipena eman eta hurrengo hilabeteetan aurkeztuko dituzten ekimen, kanpaina eta ekintzei begira, indar berrituekin ekiteko asmoarekin.
Pasa den otsailaren 14an egindako batzar orokorrean erabakia hartu eta gero, martxoaren 7an karguen banaketa egin zuten eta berritutako zuzendaritza batzordea aurkeztu du Ordizian elkarteak. Hurrengo hamabi hilabeteetan ondorengo pertsonak izango dira lantaldea osatuko dutenak: lehendakaria, Ekain Mendizabal (Larratxa liburu denda); lehendakari ordea, Eukene Lekuona (Eukene diseinu grafikoa); idazkaria, Esther Blanco (Koska goxoki denda); diruzaina, Ana Ajuria (Vicuña confeccion); bokalak, Luis Antonio Galdeano (Galdeano burdindegia), Mari Karmen Goiburu (Zabale belar denda), Inazio Donavera (Porfirio sastreria) eta Edurne Rubio (ACV Multimedia).
Lanean jarraitzeko gogoa
Zuzendaritza berria erronka berriei gogotsu heltzeko asmoarekin agertu da. Une honetan 80 baino gehiago dira Ordizian elkartearen barruan dauden komertzio eta zerbitzu establezimenduak. Bazkideak onena emateko inplikatuta daude eta sektorea hobetzen jarraitzeko egingo dute lan.
Orain arte antolatutako ekimenek aurrera jarraituko dutela esan dute, are gehiago martxoaren 1ean eta 2an egin zuten stock eta kale azokaren inguruan eta erosle kopuruaz egindako balorazio positiboaren ondoren.
Laster, gainera, Ordiziako Udalarekin hitzarmena berritzeko garaia izango da eta elkarteko zuzendaritza berriak sinatuko du. Udalarekin duten hitzarmena «tokiko merkataritza bultzatzeko ezinbesteakoa» dela nabarmendu dute. Izan ere, horrek «merkatarien beharrak asetzen» ere laguntzen duelako eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza programetan sartzen ere laguntzen dielako.
Hitzarmen horretatik eratorri da Ordiziako Andra Mari kaleko 21. zenbakian kokatuta dagoen elkartearen bulegoa. Orain dela bi urte ireki zuten eta orain arteko balorazioa «oso positiboa» izan da, zerbitzua, herritarrengana gerturatzeko modua ere izan delako.
Bestalde, Ordizian elkarteko Zuzendaritza Batzordeak, elkartearen bulegoaren bitartez sektorearen irudia sendotu, intereseko ekimenak eskaini eta bertako dendetan erosten jarraitzeko garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko baliagarriak izan daitezken proposamen, kritika eraikigarri eta iradokizunak helarazteko gonbidapena luzatu die bazkideei, herriko beste merkatariei, bezeroei eta herritarrei orokorrean.













