Ampo Ordizia ligako finalerdietarako sailkatu da
Goierriko taldeak 38-31 irabazi dio UBU Burgos Clinic taldeari, eta Valladolidera joan beharko du datorren larunbatean El Salvador taldearen aurka finalerdia jokatzera. Giro bikaina izan da Altamirako harmailetan. Argazkiak eta bideoa albiste barruan.
Ampo Ordiziako jokalariak, pozarren, partida bukaeran haurrekin ateratako argazkian. Arg.: I. Gurrutxaga Ampo Ordizia Espainiako Ohorezko Mailako ligako finalerdietara sailkatu da gaur Altamiran, UBU Burgos Clinic taldeari 38-31 irabazi eta gero. Goierriko taldea beti joan da markagailuan aurretik, baina aurkari gogorra izan du aurrean, eta azken emaitzak erakusten duen moduan, kostatako garaipena izan da gaur Altamiran lortutakoa. Datorren larunbatean, maiatzaren 11n, Valladoliden jokatuko du El Salvador taldearen aurka finalerdia, partida bakarrera. Horko irabazlea maiatzaren 26an jokatuko den ligako finalerako sailkatuko da.
Partida berezia zen gaurkoa, eta ohi bezala, zaleek bikain erantzun dute. 24. minuturako Ampo Ordizia 21-0 aurretik zen markagailuan (Iruarriz, Korta eta Moalaren entseguak, eta Cruzen transformazioak), baina espainiarren erreakzioa berehalakoa izan da, eta hiru minutuan gauzatu gabeko bi entsegu lortu dituzte (21-10). Valentin Cruz zigor kolpe bat gauzatu du segidan (24-10), baina lehen zatiaren hondar minutuetan Burgoskoek aldea murriztu dute gauzatutako entsegu bati esker (24-17). Alde handirik ez markagailuan.
Bigarren zatian bina entsegu
Burgosko taldea ezer barkatzeko ez zegoela atera da zelaira bigarren zatian, eta lehen minutuetan haiena izan da partida, harik eta 47. minutuan Lander Mujika gazteak entsegu bikain bat lortu duen arte (31-17). Hamar minutura Cruz izan da entsegua eta transformazioa lortu duena (38-17), eta emaitza erabat aldeko jarri zaie ordiziarrei. Espainiarrak ez zeuden etsitzeko, eta bukaera arte borroka egin dute. Azken minutuetan bi entsegu lortu dituzte, markagailua 38-31n utziz.












