Pagoagako gizon apalari omena
Joxe Ugarteburu ezkiotar aizkolariari omenaldia egin diote maiatzeko San Migel jaien barruan. Herri kirol erakustaldiaren ondoren, opari sorta jaso du. Eskerrak eman ditu hark, hitz gutxian.
Ezkioko elizaren atarian prestatutako aterpean egin diote omenaldia larunbat eguerdiz Joxe Ugartebururi. Aizkolariek aizkorak jasota egin dioten pasabidetik iritsi da plazara Ezkioko aizkolaria etxekoak ondoan zituela. Bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu ondoren, Mikel Mendizabalek bertso bat eskaini dio.
Segidan omenaldira bildu diren aizkolariak banan-banan aurkeztu ditu Juanjo Sagastibeltza urretxuar esatariak, eta Ugartebururi eskatu dio modu laburrean haien izaeraren berri emateko. Hark, hitz gutxian, esana bete du. Ezkiotarrak bi aldiz irabazi zuen bigarren mailako txapelketa, eta lehen mailakoan hirutan egin zuen hirugarren. Hamar apustu ere egin zituen, eta zazpitan izan zen garaile.
Tarte hori igarota, herri kirol erakustaldia hasi da. Jose Inazio Orbegozo Arria II.a, Mikel Mindegia eta Ugarteburu bera izan dira aizkoran hasten lehenak; Angel Arrospide, Javier Aranberri Elorriaga eta Ugaitz Mugertzaren txanda izan da gero.
Saio nagusian Atutxa-Azurmendi eta Vicente-Larrañaga aritu dira nor baino nor. Bigarrenek egin dute aurretik, 9 segundoren aldearekin. Tartean Jon Unanue Goenatxo III.ak harri jasotzen hiru saio egin ditu, eta Joxe Mari Esnaola zegamarra zutika aritu da aizkoran bost metroko garaieran.
Opari sorta eta eskertza
Joxe Ugartebururen kirol ibilbideari errepaso zabala egin eta gero, oparien txanda iritsi da. Asko eta asko izan dira: Udalak plaka bat eman dio opari; kuadroan sartutako txapel bat ere jaso du; herri eskolako haurrek bertso bat abestu diote; Maria Angeles Goitia plazara lehenengoz atera zen aizkolari emakumezkoak ere oroigarria eman dio; Goenatxotarren oparia gero, eta segidan Mikel Etxeberria ikaslearena; Koldo Aldalur kirol kazetariak ETBn bildutako irudiekin osatutako USB bat eman dio opari; etxekoek ere bai aizkora buru bat Pagoaga baserriaren irudiarekin; Errezilgo senideek; Joxe Mari Esnaolaren bi semeek; eta azkenik Zumarragako ATA harategikoek.
«Eskerrak eman hau prestatzen aritu diren denei, lan ikaragarria egin dute. Ez dakit merezia nuen, baina egun polit batez gozatzeko ikusten da zenbat lan egin den. Hitz gutxikoa naiz ni, eta eskerrak denoi!». Ugartebururen esker hitzen ondoren, 200 lagun elkartu ziren bazkaltzera.













