Elkarrekin Podemos-Ordizia Orain koalizioak zerrenda "anitza eta berdintasunaren aldekoa" osatu du
Azken legealdiko esperientziatik abiatuta eta aurpegi berri ugarirekin, udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du Elkarrekin Podemos-Ordizia Orain taldeak. Udalean jokabide etikoa bultzatu nahi dute; politika sozialei garrantzia berezia eman diete.
Elkarrekin Podemos-Ordizia Orain koalizioak lehendik ezagunak diren izenak eta aurpegi berri ugari elkartu ditu udal hauteskundeetako hautagai zerrendan. Haien hautagaitza “Ordiziaren argazkia” dela azaldu dute, “anitza, berdintasunaren aldeko apustua egiten duena, inklusiboa eta euskalduna”. Mila Sukia izango da alkategaia, eta harekin batera, Juani Alonso, Sunita Gurung, Alberto Etxeberria eta Mari Jose Arruabarrena izango dira zerrendako lehenak.
Sukiak eta Gurungek koalizio morearen programako oinarri nagusiak azaldu dituzte. Hala, “udal barruti eta jokabide etikoaren formulazioa” bultzatzeko konpromisoa agertu dute, “udal kargudunek bete behar dituzten printzipio etikoak eta baloreak” jasoko dituena. Indar berezia jarri nahi dute Zero Plastiko helburua lortzerako garaian, “legealdi honetan, plastikoaren erabilera mota guztietan amaitu” nahi baitute. Etxebizitzari dagokionean, inmobiliarien eta bankuen sozietateen jabetzakoak diren etxe hutsei kanon bat ezartzea proposatu dute, “alokairuko etxebizitzen udal politika” bultzatzeko erabiliko dena.
Arlo politikoan, memoria, normalizazioa eta bizikidetzaren inguruko elkarrizketa soziala bultzatzeko beharra ikusten dute. Aralarri ere keinu berezia egin diote, “natura ondarearen defentsa eta lehen sektoreari laguntza” uztartu behar direla esanez; “denon artean, naturak eman dezakeenaren eta zaintzearen arteko oreka” bilatu behar dela diote. Ordizia inklusiboagoa bultzatuko dute, bai eskubideetan eta baita betebeharretan ere. “Betaurreko moreak” jantzita, berdintasunaren aldeko benetako apustua egiten dute.
Ordizia “merkataritza gune irekia” dela azaldu dute, eta “hurbileko merkataritzari bultzada” eman behar zaiola. Ordiziak “marka propioa eta berezia” izan behar duela uste dute. Irisgarritasunaren eta garraio publikoaren aldeko apustua ere egiten dute; “ordiziarrek herrigunearen eta auzoen artean zerbitzu publioetara sartzeko aukera” izan dezaten. Euskararen irakaskuntzak “unibertsala eta doakoa” izan behar dela defendatu dute. Kultur taldeak eta ekimen kulturalak lagunduko dituzte, “ordiziar guztien kultura” bultzatu nahi dutelako. Eta kirola ere sustatuko dute, osasunaren ikuspegitik.
Elkarrekin Podemos-Ordizia Orain:
- Mila Sukia. Ordiziarra eta abokatua.
- Juani Alonso. Ordiziakoa eta jubilatua.
- Sunita Gurung. Tibetar jatorrikoa, 12 urte daramatza Ordizian. Zaintzailea.
- Alberto Etxeberria: Bergaran jaioa baina urte asko daramatza Ordizian. Enpresa bateko langilea.
- Mª Jose Arruabarrena: Ordiziarra eta eskola publikoko irakaslea.
- Miguel Perlines. Ordiziarra eta jubilatua.
- Marisol Viana. Orkli kooperatibako bazkidea eta jubilatua.
- Iker Korta. Ordiziarra, ingenieritza ikaslea.
- Mª Jesus Soto. Zinegotzia azken legealdian. Zuzenbide ikasketak ditu eta zaintzailea da.
- Teo Caballero. Ordiziarra eta jubilatua.
- Lurdes Garcia. Ordiziarra eta zaintzailea.
- Khadim Fall. Senegaldar jatorrikoa, 30 urtetik gora daramatza Ordizian bzizitzen. Euskalduna eta enpresa bateko langilea.
- Maite Requerei. Ordiziarra, euskalduna eta zaintza begiralea.
- Tomas Eraso. Ordiziarra eta langilea.
- Jose Gonzalez.
- Patxi Sainz.
- Maria Jose Gonzalez
- Francisco Javier Diez
- Lua Viana