«Benetako politika sozialak ahal-bideratuko ditugu»
Gizarte Hezkuntzan diplomatua, heziketa bereziko zein bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako irakaslea da Nerea Manzisidor. Hezkuntza ez formalean egin ditu bere lan urte gehienak. Ikasle eta gazte mugimendutik hasi eta Ezker Abertzaleko egitura ezberdinetan militatu du urteetan zehar. Manzisidorrek gogotsu hartu du udalgintzako erronka berria, «lan taldean dudan konfiantza» eta «herri justuago baten nahia» ditu akuilu.
Zein ekarpen egingo dio zure hautagaitzak Beasaini?
EH Bilduko hautagaitzak, herritarrak eta beraien beharrak erdigunean jarriko ditu. Benetako politika sozialak ahalbideratuko ditugu. Ohituak gaude, egungo udal gobernutik interes zehatzetara bideratutako politikak pairatzen. Bigarren mailako herritarrik gabeko herria nahi dugu eta benetako justizia sozialean oinarritutako herri baten noranzkoan, 285 neurri proposatu ditugu, gure herri programan. Herri parekidea, euskalduna, feminista, jasangarria… bermatzeko alternatiba gu gara.
Zeintzuk dira lau urterako proiektu nagusiak?
Legealdi honetarako lehentasunak honako hauek dira:
– Udal antolakuntza berrantolatzea: Egungo udal antolakuntzak ez du herritarren parte hartzea bermatzen. Batzorde eta plenoetara gaiak erabakiak iristen dira. Errealitate hau aldatzea beharrezkoa da; batzorde anitz, ireki eta erabakigarriak ezarriz. Egungo antolaketa aldatuz, herri justuago baten bidean hartu beharreko neurriak lantzeko aukera ahalbideratuko da.
– Herritarrok bizi ditzakegun prekarietate egoera ezberdinen aurrean, informazio eta arreta zerbitzu integral bat jarri nahi dugu martxan. Lan baldintza eskasak, pobreziaren marra gorrian bizi diren norbanako eta familiak, pentsio eskaseko alargunak, herrira iristen diren etorkinak, bakardadean dauden adinekoak, behar bereziak dituzten herritarrak, erasoak jasaten dituzten emakumeak… guztiok behar ditugun beharrei erantzuna emateko zerbitzua bideratuko dugu.
– Auzoak biziberritze asmoz, Ezkiaga eta Bista alai auzoen berregokipena ere lehenesten dugu.
– Herriko zenbait guneetan bizi dugun irisgarritasun arazoari irtenbidea ematea izango da beste lehentasunetariko bat. Herritarrekin batera, arazoak identifikatu, aukera errealak proposatu eta irisgarritasun plana gauzatu nahi ditugu.
– Bernedoko eremuan, gune intermodala eta solairu ezberdinetako aparkalekua sortu nahi dugu. Oinezkoei lehentasuna eman eta herritik autoak aldentzeko helburuarekin. Herrigunea igarobide batekin lotuz eta herri barneko mugikortasuna autobus linea elektriko batekin hornituz. -Herri jasangarriago bat bidean hondakinen birziklapen tasa %85era igotzea dugu helburu. Sentsibilitate kanpainak bultzatuz, birziklapena oztopa dezaketen arazoak identifikatuz eta hauei irtenbideak emanez.
Lehenengo aldiz aurkeztuko zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Hautagaitzarako erabakia hartzea, lan taldean dudan konfiantzak eta herri justuago baten nahiak ahalbideratu dute. Hilabeetan zehar herritar eta norbanakoekin egin dugun lanketan, errealitate eta behar anitzak ikusi ditut. EH Bilduk, aldaketa ekarriko duenaren ziurtasuna dut, gainera emakumea izateak ere proposamen guztiak feminismo ikuspegitik eginak izatea bermatuko digu. Oso gogotsu ekiten diot erronka honi!