«Pertsonak eta ongizatea dira garrantzitsuenak»
Ingeniari Tekniko Industriala da ikasketaz Aitor Aldasoro eta ibilbide politiko luzea du Beasaingo Udalean. 2003an Euskara zinegotzia, 2007an hirigintzako zinegotzia eta lehenengo alkate orde izan zen. 2011 eta 2015 agintaldietan EAJren udal taldearen bozeramaile izan zen eta azken lau urteotan Beasaingo alkatea izan da. Beste lau urtean alkate izateko ilusioarekin dago Aitor Aldasoro, hasitako bideak jarraipena izan dezan.
Zein ekarpen egingo dio zure hautagaitzak Beasaini?
Eskarmentua erakutsi duen taldea aurkeztuko dugu. Azken lau urteetan, gure ustez, horren emaitza onak eman dizkigun taldekideen konpromisoa da ekarpenik nagusiena. Konpromiso horretatik abiatuta, eguneroko etengabeko lana da, buruan ditugunak egi bihurtzeko bidea.
Zeintzuk dira lau urterako zure alderdiaren proiektu nagusiak?
Pertsonak eta beren ongizatea dira guretzat garrantzitsuena, horregatik, gizarte zerbitzuak bermatu eta berriak jarriko ditugu martxan: Aranealde lekualdatu, bakardadeari aurre egiteko programak, su detektagailuak etxeetan… Enpleguari lotuta, zoru industriala prestatuko dugu zerbitzu berriei lekua egiteko (ITV, esaterako) eta enpresa berriak gurera erakartzeko. Bonberia dantzari lotuta aktibatu eta zubi berria eraikiko dugu merkataritza indartu eta gunea biziberritzeko.
Horretarako lehendabizi Ezkiaga auzoaren uholdegarritasun arazori behin betiko konponbidea emango diogu. Ondoren, auzoa berurbanizatuko da norabide bikoitza berreskuratuz eta etxeak dauden aldean espaloia zabalduz, bidegorria mantenduta.
Berdintasuna, bizikidetza eta euskara zehar lerro izango ditugu gure jardunean eta euskararen erabileran aurrerapausoak ematen jarraituko dugu kirol taldeekin hasitako lanari jarraipena emanez. Kultur programazioa areagotu eta kirol azpiegituretan hobekuntzak egingo ditugu: saskibaloiko kantxa, Igartza Futbol zelaia…eta Beasain herri atsegina eta irisgarria izan dadin: igogailu berriak, Igartza Oletan norabide bikoitza eta Dolarea parkearen eraberritzea gauzatuko dugu, besteak beste.
Berriz aurkeztuko zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Ilusioarekin. Hasi dugun bideak jarraipena du. Azken hilabeteetan, urteak kudeatzen eman ditugunak ikusi dute argia, Ezkiagako botikina edo publikoki Jaurlaritzak Beasainen ITVa ezarriko duenarena dira horren adibide. Horrek suspertu egiten zaitu, indarberritu, egindako lanak herriarentzat onurak dakartzala ikusten baituzu. Iparra garbi daukagu, horra iristeko proiektuak ere bai esku artean. Ilusio horri herritarren babesa lotzen bazaio, prest egongo gara indarrez laurtekoari heltzeko.