Denen etxebizitzak, giltzarri
Aurreko udal hauteskundeekin alderatuta, Ormaiztegi Elkarrekin koalizioak maiatzaren 26an hautagaitza aurkeztuko duela da berritasunik handiena
Orain lau urteko udal hauteskundeetan Ormaiztegi Batzen (OB) taldeak irabazi zituen udal hauteskundeak, gehiengo osoarekin. Jon Enrique egungo alkatea hautagai dela aurkeztuko da OB maiatzaren 26ko hauteskundeetara. EH Bilduk, ordea, alkategai berria dakar: Asier Etxarri. Aurtengo berritasunik handiena ordea, Ormaiztegi Elkarrekin koalizioarena izango da. Monica Monteagudo buru dela aurkeztuko dira, «alderdi-bitasunaren aurrean ordezkatuta sentitzen ez den jendeari beste aukera bat» eman nahian.
Guztien programetan ageri den gaia da etxebizitzarena. Izan ere, Ormaiztegin gai korapilatsua da aspaldian. OBtik diote Antonene eremuan etxebizitzen eraikuntza errealitate bihur dadin lan egingo dutela; halaber, etxebizitzen alokairurako politikak bultzatzea garrantzitsutzat jo dute. EH Bilduren programan azpimarra berezia egin diote etxebizitzen gaiari eta honakoak dira egin dituzten proposamenetako batzuk: alokairu poltsa bat sortu eskatzaileen eta eskaintzaileen artean, etxebizitza hutsak (%16) mugimenduan jarri eta eraikuntzarako aukera berriak aztertu; izan ere, «Antoneneko proiektua trabatuta» dago.
Ormaiztegi Elkarrekin koaliziokoak etxebizitza-plan bat sustatzeko prest agertu dira alokairu soziala eta kooperatiba eredua barne hartuta.
OB taldeak euskararen normalizaziorako batzordea sortzea proposatu du. EH Bilduk, berriz, «euskara plan indartsu eta ausart» baten alde egin du; bide horretatik, udalerrria Uema mankomunitatera batu nahi dute.
Ingurugiroaren gaia alderdi guztien programetan dago. OBk efizientzia energetikoa eta Ormaiztegiko argiteria guztia berritzeko konpromisoa jaso ditu. EH Bilduk ere heldu dio gaiari, baina CESPA zabortegia lehenengo planora ekarrita. Haren aurka bide legalak jorratu nahi dituzte, udalerriarentzat eredu hori ez dela «jasangarria» nabarmenduz; bide batez, kamioien abiadura kontrolatu nahi dute. Ormaiztegi Elkarrekin taldearentzat helburu nagusietakoa da, «Ormaiztegi Aldaketa Klimatikoaren aurka egokitutako herri eredu» izatea. Monteagudok Mutiloako zabortegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu izan du.
OBk aurreko agintaldian egindakoaren bidetik jarraitzeko oinarriak bildu ditu bere programan. EH Bilduk zabortegiaren gaiari, euskarari, etxebizitzari, parte hartzeari eta elikadura burujabetzari egin die azpimarra. Ormaiztegi Elkarrekin-ek energia gastuaren kontrola, mugikortasun jasangarria, kirol-eremua zabaltzea eta ekintzailetza bultzatuko ditu.