Sanz eta Egea, Kantabrian eta Kanariar Uharteetan garaile
Kantabrian jokatu den Trail Rae lasterketa irabazita, Mendi Lasterketetako irabazlea da Ainhoa Sanz urretxuarra. Aritz Egeak, Transvulcania erdi maratoia irabazi du
Une gozo-gozoa bizitzen ari dira Ainhoa Sanz eta Aritz Egea lasterkari urretxuarrak. Mendi Lasterketetako txapeldun izan da Sanz Kantabrian izan duen azkeneko lorpenarekin. Egeak, berriz, Transvulcania irabazi du denbora onena egin ondoren.
Otañesko (Kantabria) Trail Rae lasterketan, hankak apurtzeko moduko ibilbidean erabaki zen Mendi Lasterketetako onenak zein diren. 34 kilometroko eta 2.300 metroko malda positiboa duen ibilbidea, ohikoa baino 1,5 kilometro gehiagokoa, egin behar izan zuten lasterkariek. Tartean, Sanz urretxuarrak.
Emozio handiko lasterketa izan zen. Azara Garzia (Kantabria) eta Sanzen artean zegoen lehia. Garziak etxean jokatzen bazuen ere, urretxuarra gehiago izan zen, indarrak hobe kudeatu baitzituen eta horrek zortzi minutuko aldea eman zion helmugan. Pico Ventosoren gainean erabaki zen guztia. Kantabriarra aurrea hartuta bazihoan ere, igoera bikaina egin zuen urretxuarrak eta aurretik jartzea ere lortu zuen. Azkeneko kilometroak abiada bizian egin zituen, eta ondo merezia duen titulua eramatea lortu zuen.
Transvulcanian garaile
Emakumeen artean Sanz izan bada albiste, gizonezkoen artean ere beste urretxuar batek, Aritz Egeak izandako azken lorpena ere nabarmentzekoa da. Pasa den asteburuan Kanariar Uharteetan jokatu den Transvulcania maratoi erdian lan bikaina egin eta 2:16:46ko denborarekin gailendu zen.